EUSKAL ELKARGOAN ZER? “Klima: entsegua emenda dezagun”: nola gara 2024an?

2021ean Klima Plan bat onartuz, Euskal Herriko Elkargoak hainbat helburu finkatu zituen. Hauek dira berotegi efektuko gasen isurien eta energia kontsumoaren apaltzea, energia berriztagarrien ekoizpenaren emendatzea baita karbono bahiketa ere, 2030 eta 2050 urteen artean.

Geroztik, ez dute kopururik eguneratu oraino Klima Planaren jarraipenari dedikaturiko climataction-paysbasque.fr gunean. Aldiz, Akitania Berriko Energia eta Klimaren Eskualdeko Agentziak kudeatzen duen TerriSTORY plataformak 2021era edo 2022ra arteko kopuruak aurkezten ditu. Datu horiek erakusten dute joerak norabide egokian bideratzen diren ala ez. Hori da berotegi-efektuko gasen isurketen eta energia-kontsumoaren kasua, 2019tik 2021era hurrenez hurren % 7,9 eta % 2,6 jautsi baitziren. Aldiz, karbonoaren bahiketa eta energia berriztagarrien ekoizpena hurrenez hurren  % 0,4 jautsi ziren 2019 eta 2021 urteen artean, eta % 4,7 2019 eta 2022 urteen artean, xedatutako emendaketen kontrakoak.

Elkargoak 53 ekintzako plana ere prestatu du helburu horiek lortzeko, eta horien % 96 abiatuak direla iragarri dute. Oraindik ez dakigu zein den haien aitzinamendu-egoera, gaurkoturiko segimendu adierazlerik ez baita, baina laster argitaratzekoa duten Klima Planaren bide erdiko ebaluaketak zehaztasun handiagoz argitu beharko gintuzke.

Begirale ekologikoekin bat egiteko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, egin klik hemen edo xehetasun gehiagorentzat gurekin harremanetan sartu posta elektroniko bidez hitzahitz@bizimugi.eu helbidean.