Biziko etxebizitza taldeak eta Xuhurtasun Zoriontsu eta Sortzailearen aldeko Mugimenduak itun bat argitaratzen dute eraikitzaileei, eta bereziki hautetsiei zuzendua, bizileku proiektu sanoak, kalitatezkoak eta ingurumena errespetatzen dutenak programatzeko eta sortzeko gakoak emanez.
Eraikuntza lehentasunezko sektorea da desoreka klimatikoari eta trantsizio energetikoari buru egiteko:
- Azken hamarkada hauetan naturaguneak, laborantzarakoak eta oihangintza-eremuak urbanizazioak janak dira, bereziki etxebizitzarako;
- Berotegi-efektuko gas isurketen laurdena sektor horri lotua dago;
- Eraikinek lurraldeko energia-kontsumoaren erdia baino gehiago sortzen dute;
- Energia, gehienbat berokuntzarako eta ur bero eta garbia egiteko erabiltzen dena, gastatzen den bigarren postua da familientzat , alokairuen ondotik;
- Eraikuntza da, halaber, Frantzian hondarkin gehien sortzen duena, azpiegitura eta bideekin batera;
- Lurraren baliabide mugatuak, batez ere eraikuntzarako ezinbestekoak diren ura eta harea, gehiegi ustiatzen eta agortzen ari diren bitartean;
- Azkenik, eraikinen kalitateak eragin nagusia badu gizakien osasunean.
Itun hau eraikitzaile guziei zuzendua zaie (proiektuen galdatzaile-manatzaileei, proiektuen arduradun-kudeatzaileei, ofizialeei, enpresei…) eta, batez ere, metamorfosi ekologiko eta sozialaren aktore nagusi diren hautetsiei.
Proiektu sano, kualitatibo eta ingurumen errespetatzaileak programatzeko eta diseinatzeko zeregin konplexuetan laguntza ekartzea du xede.
Ituna ere eskuragarri da bertsio inprimatuan (A4 liburuxka) 2 eusko/€ren truke, Biziren lokalean, Baionako Cordeliers-en karrikako 2. eta Biziren erakus mahainetan.
Hego Akitaniako lurraldean dauden Xuhurtasun zoriontsu eta sortzailearen aldeko manifestuaren izenpetzaile batzuek eta Bizi ! elkarteak idatzi Ituna.
2018ko urtarrilean Dominique Gauzin-Müller, Alain Bornarel eta Philippe Madec-ek bultzatu manifestuaren inguruan eraiki zen Xuhurtasun zoriontsu eta sortzailearen aldeko mugimendua. Manifestu honek energiaz, ekaiz eta teknizitatez xuhurrak diren giza eraikinak garatzera deitzen du, eraikin sortzaileak eta zoriontsuak lurrarentzat eta biztanle guzientzat, gizaki ez direnak barne. 16.000 pertsonak baino gehiagok izenpetua dute.
Bizi! elkartea metamorfosi ekologikoaren eta justizia sozialaren alde engaiatua da gai askotan (habitata, elikadura eta laborantza, energiak, mugikortasunak, garraioak, elkartasunak, politika, ekonomia…), eta Ipar Euskal Herria du jarduera eremu nagusia.