
Euskal Herrian, klimaren desafioa altxa dezagun!
Hurrenez hurren 12.000 eta 15.000 pertsona bildu zituzten Alternatiba 2013 eta Alternatiba 2018 alternatiben herrixkek, klimaren eta justizia sozialaren arloan, herritarren mobilizazio mugimendu garrantzitsua bultzatu dute, 7 herrialde ezberdinetan banatuak diren 120 Alternatiba eta ANV-COP21 talde baino gehiagorekin. Baiona izan zen orain nazioarte mailakoa bilakatua den mobilizazio honen sehaska.
Euskal Herria Burujabe, hedadura handiko ekitaldi berriak, gure esku diren klima-aldaketaren saihesteko aterabideak erakutsiko ditu, eta horietatik asko tokiko mailan direnak. Eskala horretan, ideia abstraktuak (krisi klimatikoa, baliabideen eskasia…) arazo konkretu bilakatzen dira, urrunak diruditen arazoek gure eguneroko bizia hunkitzen dute, eraldaketak gehiago sumatzen dira eta errexkiago ekiten dugu.
Klima-aldaketa gure biziak nahasten hasten delarik, erantzunak oraino sobera osatugabeak eta ahulak dira kalteak behar bezala mugatzeko esperantza atxikitzeko. Jendarte maila guzietan, oraindik gehiago itxoin gabe, ekiten ahal dugu Euskal Herriko metamorfosi ekologikoa plantan emateko. Urteetako eragile askoren ekintzak Euskal Herriarentzat lurralde proiektu zehatzagoa marraztea ahalbidetzen du.

Euskal Herria Burujabe: urriaren 7 eta 8an Baionan
Urriaren 7 eta 8an, jendea karrikaz karrika ibiltzen ahalko da zazpi auzo tematikoetan barna –Elikadura eta Laborantza, Etxebizitza, Energiak, Mugikortasunak, Elkartasunak, Politika, Ekonomia–, lurralde eraldatua aitzinikusten dutenekin topatuz eta lurraldearen eraldatzeko, ekintza palanka indartsuak deskubritzeko.
Hitzaldi-programa batek tokiko hizlariak eta Estatu edo nazioarte mailako pertsonalitateak nahasiko ditu, esperientzia arrakastatsuak eta inspiratzaileak partekatuak izanen direlarik. Asteburuan zehar, aktibitateak eta jokoak, bazkari handiak, kontzertuak eta besta giroko animazioak izanen dira familiarekin edo lagunekin deskubritzeko den ekitaldi honetan, jakin-nahia dutenentzat bai eta adituentzat ere.
7 jauziak: Euskal Herria Burujaberen aitzin gustua, probintzia bakoitzean
Zazpi ekitaldi, jauziak izenekoak (euskal dantzei erreferentzia eginez), apiriletik irailera iraganen dira Euskal Herriko zazpi probintzietan. Jauzi bakoitzak gai bat nabarmenduko du, metamorfosia aitzinaraziko duen angelu zehatz bat erakutsiz eta lurraldeko aktoreen lana aitzinean emanez.

Zuk ere, parte hartu Euskal Herrian Burujaberen antolakuntzan!
Euskal Herrian klima-mobilizazioari bultzada berria emanen dion ekitaldi hau aitzina eramateko, beharrezkoa izango da gutienez 500 laguntzaile biltzea! Euskal Herria Burujabe prestatzea klimaren alde engaiatzeko eta lan kolektiboari bakoitzak bere ekarpena egiteko molde ona da.
Elkarrekin alimaleko indarra gira!
Gurekin harremanetan sartzeko
📩 Gure helbide elektronikoa: info@bizimugi.eu – 📞 Gure telefono zenbakia: 05 59 25 65 52