EGIN DUTE 🏆 Ikatzetik eguzki energia herritarrera

Pas de Calais-en kokatua, lehengo meatze-arroan, Loos-en-Gohelle herria (6 900 biztanle) “Garapen jasangarrirako herri pilotu” gisa ezaguna da. 2050. urtea arte bere energia-kontsumoa murriztea du helburu, bertako biztanleen behar guziei energia lokal eta berriztagarriekin erantzuteko gai izan arte.

2014an, Energia Positiboko Lurraldeak (TEPOS) sarean sartu zen eta arlo horretan urrunago joateko, “Eguzki Plan Herritarra” sortu zuen. 2018an martxan jarria izan den parte-hartze sistema honek hiriko eraikinen teilatuak, publikoak zein pribatuak, panel fotovoltaikoz hornitzeaz arduratzen den “SAS Mine de Soleil” egituraren forma hartzen du.

2019ko udan hasia, lehenen zortzi teilatuen antolaketa 2020ko udaberrian bukatu da. Gaur egun, 2 600 m²-tan panelak badira, sarean berriz sartzen dute ekoizten duten elektrizitate berdea eta urtean 50.000 euro inguruko diru-sarrerak sortzen dituzte. Ondorioz, elektrizitate berdearen ekoizpenak eraikin publikoen elektrizitate-kontsumoaren % 90 ordezkatzen du eta herritarrak hornitzeko beste teilatu publiko edo pribatu batzuren xekatzen ari dira.

560.000 euroko aurrekontua biltzeko, 120 familiak inbertitu dute eta herriko biztanleek proiektuaren kapitalaren %75 dute. Inbertsiotik haratago, herritarrak gobernantzan integratzen dira herritarren batzorde bat sortuz, pertsona 1 = boz 1 printzipioaren arabera.Ipar Euskal Herrian, I-Ener sozietateak proiektu berdintsuak bultzatzen ditu: noiz lortuko da eskala aldaketa herriko etxeen mailako energia berriztagarrien ekoizpenaren arloan?

Egiazko herritar balio erantsia

Herritarren parte-hartzea Loos-en-Gohelle herriaren politikaren helburu nagusia da, garapen iraunkorrarena bezainbat. Herriko-etxeak, elkarte bati herritarrak proiektuan gehiago inplikatzeko eskatu dio, herriarekin eta hautatua izan den enpresa pribatuarekin batera. Proiektua azaltzeak eta proiektuari buruz sentsibilizatzeak, eskolan hasirik, eta jendarte guzietan, biztanleen mobilizazio masiboaren arrakasta ahalbidetu du.

Lehengo meatze-eremu bateko proiektu ekologiko honek herritarrak biltzen ditu, baita jendarte zabalagoa. Artois eskualdeko metropoli poloak orain, ekimen hau beste herri batzuetara zabaldu nahi du. Zergatik ez luke holako herritarren parte-hartze bat bultzatuko eta sustatuko Euskal Elkargoak?

Begirale ekologikoekin bat egiteko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, egin klik hemen edo xehetasun gehiagorentzat gurekin harremanetan sartu posta elektroniko bidez hitzahitz@bizimugi.eu helbidean.

Oroitarazte gisa, Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren aldeko ituna: