2021eko otsail honetan, Parisko Auzitegi Administratiboak Klima aldaketaren borrokaren arloan, frantses Estatua “eskasia hobendunarentzat” kondenatu du. Lehen aldikotz, auzi batek ezagutzen du frantses Estatuaren ardura krisi klimatikoan eta haren geldirik egotea kondenatzen du! Horren bidez, arrazoin emaiten du “Mendeko Afera” den heletegia bultzatu duten 2 milioi pasa herritarrei eta 4 GKE-ri (Notre affaire à tous, Greenpeace, Oxfam eta Fondation Nicolas Hulot (FNH)).
Bizik garaipen erraldoi hori txalotzen du eta pozten da azken hilabeteetan klima aldaketaren kontrako borrokak hartzen duen bihurgun juridikoaz, besteak beste, premiazko beharraren eta adierazpen askatasunaren izenean baieztatu diren hobengabetzeak, presidente-potreten deslotzeen kasuan, edo Estatu mailako auzitegi gorena den Estatu Kontseiluko galdea frantses Estatuari, 3 hilabete barne azken honek bere berotegi efektuko gasen murriztearen ibilbidea 2030ari buruz errespetatua izaiten ahalko dela justifikatzeko.
Estatuak, ekintza klimatikoen arloan duen eskastasunaren gatik, abisu bat ukan du, eta urritasun hori gaur egun agerian da. Alabaina, Gobernua bozkaraztear den Klima eta Erresilientzia, etortzekotan den legearen edukia ikertuz geroz, nahiz eta azken honen xedea Klimaren Aldeko Herritar Akordioaren proposamenen berriz hartzea izan, arras anbiziorik gabeko legea da.
Mendeko Aferaren baitan iragan den gaurko kondenak, buruzagi politikoen geldirik egotea salatzeko herritarrek burutu ekintzak indartzen eta bidezko egiten ditu.
Bizik orroitarazten du, klimaren arloan geldirik egoteaz hobendun diren lurraldeko hautetsiak ber maneran kondenagarriak direla. Hemen Ipar Euskal Herrian, 46 Herriko Etxe engaiatu dira Metamorfosi Ekologikoaren Itunarekiko. “Maider Arosteguy, Biarritzeko auzapezak, ez ditu bere engaiamenduak errespetatzen eta Ingurumenaren Kodea nahitara urratzen du, Kennedy hiribidearen arraberritze lanetan bizikletentzat ez duelarik egokitze izpirik aintzin ikusten, jakinez Euskal Kostan, garraioek dutela Berotegi Efektuko Gasen isurketen arloan lehen postua okupatzen” gaitzesten du Emmanuelle Tosini-k Biziren bozeramaileak.
Justiziak baieztatzen du ezin girela gobernua ekiten hastea itxoiten egoten ahal. Horretarako Bizik gomita luzatzen du herritar, justizia eta politika mailako presioaren atxikitzerat, klima arloko ekintzen, legearen eta Estatuek eta tokiko hautetsiek izenpetu engaiamenduen errespetuaren fermuki eskatzeko.