Urte hau, krisi klimatikoaren aitzinean eta justizia sozialaren alde urtean zehar mobilizatu diren Biziren militanteendako ekintza eta mobilizazioz beterikoa izan da. Klima krisiaren inguruko sentsibilizazio ekintzen artean, hautetsiekin elkarrizketa eta aldarrikapenen artean, isiltasunetik atera daitezen eta Iparraldearen egiazko metamorfosi ekologiko bati ekin diezaioten, edo klimaren erronkari aurre egiteko formakuntza ikastaroen artean, 2021. urtea proiektu berriek, borroka luzeek eta, batez ere, hainbat garaipen ederrek markatu dute!
Urtea bukatzen ari den une honetan, hona hemen azken 12 hilabeteetan iragan momento azpimarragarrien hautaketa:
Urtea indartsu hasi da, lehen garaipen batekin: Biarritzeko Kennedy etorbidean bizikleta bidea a eraikitzea, azken honen berritzeko garaian. Bizi azkarki mobilizatu da, Ingurumen Kodean ezarritakoaren urratzea salatuz. Biarritzeko hautetsiek hasieran uzkurkeria erakutsi arren, Bizik garaipena lortuz bukatu du!
Martxoaren bukaeran Diputatu Biltzarrean “Klima eta Erresilientzia” lege proposamena aztertzeko bezperan, 430 lagunek martxa bat egin dute Angeluko karriketan, Bizik deiturik, proiektuaren anbizio falta salatzeko. eta hautetsiei, tokiko zein Estatu mailakoei, larrialdi ekologikoari aurre egiteko mailan aritzea galdatuz.
Aste horretan berean, Biziko Begirale ekologikoek ekintza bat burutu dute Maulen, Herriko Etxeak ezabatu zuen bizikletendako antolaketa baten bizikleta bide-markak lurrean berriz margotuz. Herritarren desobedientzia honen helburua auzapezari legea errespeta diezaion eta Biziren Metamorfosi Ekologikoaren Itunaren sinatzaile gisa harturiko engaiamenduak gogoraraztea izan da.
Ingurumenaren Mundu mailako Egunaren karietara, ekainaren 5ean, «Hirian, bizi eta mugi! 3 km bestela egiteko, engaia zaitez!» kanpaina berria martxan ezarri da. Baiona-Angelua-Biarritze (BAB) aglomerazioan, 3km baino guttiagoko duten tokialdatzeen % 40 baino gehiago ibilgailu motordun indibidualekin egiten dira. Kanpainak bizilagunak akuilatu nahi ditu autoaren ordez oinez, autobusez edo pedalatuz aritzea, 3 km baino gutiagoko joan-etorrientzat.
Uztaila arrakasta handia izan duen Iparraldeko Klima Egonaldiarekin bururatu da. 150 pertsonatik goitik, 22 prestatzailek eta 80 laguntzaile baino gehiagok parte hartu dute klimaren erronkari aurre egiteko formakuntza ikastaroetan. Klima gaiak edota klima mugimenduaren estrategiak eta indarkeriarik gabeko ekintzak biltzen dituen hausnarketekin, Klima Egonaldia ondoko mobilizazioak prestatzeko momento indartsua izan da!
Sartzea ere “txirrindiraultza” batekin nabarmendu da irailaren 25ean. 200 txirrindulari baino gehiago Angelun mobilizatu dira Biziren deialdiari erantzunez, gaur egun oraindik Ipar Euskal Herriaren metamorfosi ekologikoaren Ituna sinatu ez duen hiri batean egiazko bizikleta antolaketak eskatzeko!
Urte bukaeran ere mobilizazioek segitu dute, azaroaren 20ko etxebizitzen manifestaldiarekin. 8.000 lagunek baino gehiagok erantzun dutelarik Bizi eta beste hogeita hamar bat erakundek egin deiari Ipar Euskal Herriko etxebizitza krisia eta horrek larrialdi klimatikoan dituen ondorio latzak salatzeko! Aurrekaririk gabeko manfestaldi honek arrakasta alimalea izan du, esperantza emalea urte bukaera honen hurbiltzean. Hasitako lan kolektiboak aitzina segituko du eta indartuko da 2022an zehar.
Azkenik, urtean zehar, Hitza Hitz batzordeko Begirale ekologikoek ere jarraipen lan handia egin dute, 56 Herriko Etxetan, hautetsiei metamorfosi ekologikoa zinez has arazteko xedearekin. Haien ahaleginei esker, azaroan Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko txosten bat argitaratu da, larrialdi klimatikoaren aitzinean borondate politiko falta eta botere publikoen inertzia salatuz.
Bestalde, Begirale Ekologikoek Metamor’Or trofeoen lehen ekitaldia antolatu dute, denboraren kontrako klima-lasterketaren aldeko duten beren engaiamenduan “merezimendutsuenak” diren Herriko Etxeak aitzinean emateko.
Bukatzeko, 2021a, zalantzarik gabe, lan handiko urtea izan da. Inoiz baino gehiago, larrialdi klimatikoaren kontrako borrokak aitzina segitzen du. Tokiko, Estatu mailako, baina baita nazioarte mailako buruzagiek eraginkortasun gutti edo bat ere erakusten segitzen badute ere, eta, arazo ekologiko eta klimatikoen aitzinean anbizio falta nabarmena erakusten segitzen duten bitartean, mobilizatzen eta gure ahotsa gero eta ozenago entzun arazten segituko dugu datorren urtea izan dadin klimaren eta justizia sozialaren aldeko aurrerapen eta garaipenez betea ere!
Biziren lana eta ekintza moldeen indartzen laguntza ekar dezakezu dohaintza bat eginez edo kidetuz, eta zure emaitzaren zenbatekoaren % 66ko kenkari fiskala lortuz, jarraian diren ordain molde hauen bidez:
- Kentze automatikoa: https://bizimugi.eu/eu/bizi-ren-ekintza-sustenga-ezazue
- Biziren izenean den txekearen bidez, Baiona kalea 20, 64100 Baiona.
- Euskoz egin biramenduaren bidez, Euskal Monetaren webgunean (Gure argibideak: Titularra: BIZI Elkartea; Kontuaren zenbakia: 711458641)