Larunbat honetan, 2021eko irailaren 25ean, Ipar Euskal Herriko Metamorfosi ekologikoaren Ituna izenpetzea errefusatu duen Angelu hirian, 200 txirrindularik Biziren bizikletaz manifestatzeko deiari erantzun diote, bizikleta bide seguruak galdatzeko Claude Olive, Angeluko auzapezari, eta Jean-François Irigoyen, Mugikortasunen Sindikatuko lehendakariari.
Besta eta protesta giroan ibili dira txirrindulariak Claude Olive Angeluko auzapezari eta Jean-François Irigoyen Mugikortasunen Sindikatuko presidenteari bizikletarentzat funtsezko antolaketak galdatzeko, batez ere segurtasun eza nabari den unibertsitatetik BAB2-ra doan eremu biziki trinkoan. “Izugarrizko tartea bada Angeluko hiriak bizikletaz egiten duen komunikazioaren eta bizikletaren aldeko antolaketaren errealitatearen artean, batez ere Ingurumen Kodearen L.228-2 artikulua urratzen duten atalak goraipatzeko orduan“, deitoratu du Thibaut Godin-ek Biziko bozeramaileak. Mobilizazioa parada izan da ere gogoratzeko, euskal kostaldea bizigarriagoa izan dadin eta airearen kalitatea hobetzeko, premiazkoa dela berotegi-efektuko gasen isurketak murriztea, jakinez garraioa euskal-kostaldeko emisio-iturri nagusiena dela, eta, Ipar Euskal Herrian bigarrena.
Txirrindulariak Baionako etorbideko bidegurutze batean gelditu dira “die-in” etzate ekintza ikusgarri baten egiteko. Ekintza sinboliko honen helburua, eguneroko joan-etorrietarako bizikleta bide seguruak ukaiteko premiaren azpimarratzea izan da.
Bizi-k gogorarazi du Baiona – Angelu – Biarritze(BAB) eremuan egunero autoz egiten diren joan-etorrien % 40 baino gehiagok 3 km baino guttiago egiten dituela eta beharrezkoa dela antolaketen kopurua handitzea, eta seguruagoak bihurtzea, herritarrak bizikletaren erabiltzera animatzeko.
Bizikletaz egin manifestaldiaren bukaeran, Camille Normandin-ek, Biziren bozeramaileak Angeluko auzapezari eta Mugikortasunen Sindikatuko presidenteari deia luzatu die: “Elkarteekin batera lan egitea proposatzen diegu, teknikoki nola egiten den pentsatzeko zonalde guzi hau segurua eta praktikagarria bilakarazteko joan etorrientzat bizikleta beren garraiomolde nagusia bihurtu nahi duten eguneroko txirrindulari guztientzat“.
Estatu mailan, larunbat honetan, irailaren 25ean, Alternatibaren eta ANV COP21en deialdiari erantzunez 24 hiritako milaka txirrindulari mobilizatu dira garraio politika jasangarriagoak galdatzeko.
Bizi elkarteak presioa atxikitzen segituko du ekintzak eta manifestazioak lotuz emaitzak agertu arte eta herritarrak gomitatzen ditu Garraiobide Alternatiboen aldeko lan taldeari juntatzerat Ipar Euskal Herrian mugikortasun eztien defendatzeko.