Interdependentzia azkenean ulertzea eta krisiari aurre egiteko erresilientzia garatzea

Krisialdia, hau bai ustekabea!

Gaur egun osasun krisi handi bat bizitzen ari gara eta hain iraunkorrak iduri zuten gure bizimoldeak kordokarazten ditu… Pandemia hau, eta honen ondorioz sortzen den ikara egoerak, ez du zerikusirik zerutik erortzen den halabeharrarekin. Politika neoliberalen eta mundializazioaren ondorio zuzen-zuzena da: jendarteak ekosistemetan eragin presioaren ondorioz eritasunen agertzea, salgaien eta pertsonen gehiegizko garraioak direla medio birusaren zabaltzea, ikerketa eta osasun-sistema kaltetuak izatea hainbat urteko austeritate odoluste-politiken eta aurrekontu hautu txarrengatik. Krisi honek agerian uzten du arlo makroekonomikoan gure jendarteen erresilientzia gaitasun ttipia: finantza mundua ikara egoeran sartu da eta ekoizpen sistema trabatua da.

Prekarioenak, lehen lerroan

Konfinamendu neurriak, material sanitarioaren eskasia dramatikoaren kontrako ahal bezalako aterabideak dira, epidemia gelditzeko arrunt eskasak. Prekarioenak lehen lerroan uzten dituzte (horietan gehiengoa emazteak izanik) eta jadanik gogorrak ziren ama isolatuen edo guttieneko gizarte-laguntzei esker bizi direnen biziak are gehiago konplikatzen dituzte. Desberdintasun sozialak larriagotzen dira. Lan arduradunek telelana beren terrazatik egiten ahal dute, xumeenak beren aldetik apartamentu hertsietan metatzen direlarik edo lanera joatera behartuak izanik beren osasuna arriskuan ezarriz. Saltegi ttipiak, ofizialeak eta enpresaburu ttipiak izigarri kaltetuak izanen dira internet bidezko salmentak egiten dituzten enpresa handiek beren negozioak hanpatzen ikusten dituztelarik.

Berri ona ekologistentzat?

Ondorio ekonomikoak, ekologikoak edo demokratikoak aurreikustea zaila da. Jadanik zenbait egiaztapen atera ditzakegu: aktibitatearen beherakadak kutsaduraren eta berotegi-efektuko gasen isurketen alimaleko apaltzea eragin ditu. Loriatuak baizik ez bagara ere, ez dugu ahantzi behar inposatutako eta aldi bateko desazkundearen emaitza dela. Horrek erran nahi du, deusek ez duela debekatzen aktibitate kutsatzaileen “normaltasunera” itzultzea. Gainera, giza kostua larria da, hilen familientzako dolua, hetsialdiarekin lotutako traumak (batez ere familia indarkeriaren kasuan), lanbidearen segurtasun ezarekin lotutako estresa… Gobernantzaren aldetik, kontuan hartzekoa da, ezinbestean, jendearen onerako eta zientzialarien txostenetan oinarriturik, gobernuak neurri zorrotzak hartzeko gai direla. Biztanleak ongi onartzen ditu, orokorrean neurri horiek, beren zilegitasuna ulertzen baitu, aldi bateko eta arrisku zuzen batekiko erantzun gisa hautemanak direlako. Aspaldiko urteetatik klima-aldaketaren aurkako neurri sendoak eskatzen dituzten militanteen aburuz, froga izan liteke, esperantza handiz eskatzen dituzten neurriak gauzagarriak direla. Baina klima aldaketak beste neurri mota batzuk behar ditu. Kasu atzera-egite nazionalista eta autoritarioekin: etxeratze-aginduak, mugen hesteak, lorpen sozialen etenaldia… Koronabirusaren izenean hartu diren erabaki batzuek askatasuna eta giza eskubideak guztiz arriskuan jarriko lituzkete irauten balute. Ez lirateke emankorrak ere gu zatiketan gakotuz. Izurriteak agerian uzten du gure biziak elkarren menpe direla. Ene osasuna eta oinarrizko baliabideak kolektiboaren osasuna eta baliabideen menpe dira, kolektiboa osasuntsu izatea, behar bezalako bizitegia ukaitea eta ongi jatea enetzat ere onuragarria izanen da.

Esperantza bide batzuk.

Zentzu horretan, krisi hau esperantza ekarle da, baita krisi klimatikoarentzat ere. Mundua berriz pentsatzearen aldeko deiak biderkatzen ari dira. Probidentzia-Estatua, osasuneko zerbitzu publikoak, herritar elkartasuna… urteetan indarrean izan diren botereek zaharkitutzat eman nahi izan dituztenak, kezka zentral bilakatu dira gure gizartearen funtsezko oinarri gisa.

Egoerak herritarren sorkuntza eta lurraldean erresilientzia formak agerian ezartzen ditu ere: etxean egindako maskarak, interneten 3Dtan haizagailuak inprimatzeko kodeen zabaltzea, kontsumitzaileak eta ekoizleak harremanetan sartzeko ekimenak, pertsona ahulak laguntzeko laguntza sareak…

Osasun larrialdia, larrialdi ekologikoa, borroka bera

Osasun larrialdia eta larrialdi ekologikoa izaera desberdinekoak baldin badira ere, ber erantzun franko dute, jendearen bizitzak eta biodibertsitatea bizitza sistemaren muinean berriz ezartzea baita, eta ez orain arte bezala, gutxiengo baten probetxurako. Klimarendako hain kaltegarriak diren ekoizpen-tresnen deslokalizazioak eta eskaeren araberako politikak beren mugak erakutsi dituzte. Globalizazioarekin aitzinamenduan goraka joatearen mitoak, birus baten errealitatearekin porrot egin du.

Larrialdi hau, bizitza erdigunera itzularazten duen, eta ondoko larrialdi anitzen aitzinean erresilientzia eraikitzen duen beste sistema batera uzkailtzeko kinka izan liteke. Bizik bi urte daramatza Euskal Herria Burujabe izeneko gizarte burujabe, iraunkor eta solidario baten proiektuaren ardatzak lantzen. Guhauren garapenaren eragile bilakatzeko, gure bizitzako baldintzak berriz gure gain hartzeko, gure izpirituak kolonizatzea lortu duen eta haren iraupenerako beharrezkoa den neurrigabeko kontsumoak gure beharrei ihardesten ziela sinetsarazi digun ekoizte-molde kapitalistatik aska gaitezen. Ekonomia birtokiratzea ez da aski haren esklabo izaten jarraitzen badugu, ekonomia jardueraren xedea kontrolatzera ez bagara heltzen: batzuen etekina ala gure bizi-baldintzen defentsa? Garai honek aitzinekorik gabeko parada eskaintzen digu nahiago dugun hautua egiteko; guhauri dagokigu hortaz jabetzea!

Irakurtzekoa ere :

COVID-19 garaian, Biziren jarrera hartze testua eta 40 ekintza zure etxetik egiteko:https://bizimugi.eu/eu/

Euskal Herria Burujabe: https://bizimugi.eu/eu/burujabe-gure-bizi-baldintzak-berreskuratuz