Astearte honetan Baionan, Bizi!-k 550 pertsona bildu ditu «Sarkozy Kanpora!» banderola baten gibelean maiatzaren 1eko ohiko manifestaldiaren karietara.
Batukadek alaiturik eta gazte andana eder batez osatu Bizi!ren desfileak besteak beste ondoko gaiak defenditu ditu: lan denboraren murrizketa, onartu gehienezko soldata, aberastasunen partekatzea produkzioaren emendatzearen ordez, larritasun ekologikoa eta justizia soziala, baita ere nuklearra eta AHT-ren kontra. Sarkozy faltsu bat aitzinean ibili da, bere jantziak oihal batean bildurik eta «JUST DEGAGED» panel batekin bizkarrean.
Estatu Buruari Iraina egiteagatik ireki inkesta (honen ondorioz, Biziko 5 militante Baionako polizia-etxera entzunak izateko deituak izan dira) eragin duen «Sarkozy Kanpora Milesker Baiona» panela famatua ere desfilean zen, eta poliziak aldi honetan fitsik ez du egin honen kenarazteko, joan den apirilaren 14an ez bezala.
Bizi-ren manifestaldia Baiona Ttipian bukatu da. Biziko bozeramalea den Sèverine Duchène Andereak manifestatzaileei dei egin die Baiona Ttipiko auzotegi berdin honetara hurbil daitezen heldu den maiatzaren 6an, igandearekin, 18:00etatik goiti «Nicolas Sarkozy-ri abiatzeko hurrupaldia» ospatzeko. Baina, berehala gehitu duenez: «Abiatzeko hurrupaldia ospatzeko, ez da ahantzi behar lehenago bidai txartela hautestontzian ezartzea! ».