Nola lortu hizkuntz aniztasun jasangarria?

Zer da hizkuntz ekologia eta zein dira hizkuntza baten
bizi baldintza jasangarriak?

Zeinuz osatuko kode bezala, bere aukera propioen arabera garatzen bada ere, hizkuntzak, ezin gaindituzko muga bat badu: erranahia adieratzek edo zentzua emateko gaitasuna, eremu biologikoaren, jendearen, meneko da. Azaroaren 30ean, ostiralean, arratseko 20:00etan Baionako Euskal Erakustokian, Euskaraz Bizi!n lan taldeak gomitaturik, Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariak jorratuko “hizkuntz aniztasun jasangarria”ren gaia. Jarraian gai horren inguruko hausnarketa bilduma bat aurkituko duzue.

Hizkuntza, erkidego batek komunikatzeko, pentsatzeko, kultur transmisiorako erabili ohi duen zeinuz osatutako kodea da. Hiztunek beren ingurumenaren arabera garatzen dute beren baitako hizkuntz gaitasuna.

Ekologia zientzia biologiaren adar bat da, izaki bizidunen elkarreraginak eta horiek ingurumenarekin dituztenak aztertzen dituena. Ekologiaren aztergaien artean ekosistema kontzeptua nagusi da; hau da, eremu zehatzetako ekosistemetan jarri ohi du arreta ekologiak lehen maila batean, ondoren ekosistemen arteko harremanez ere aritzeko.

Eredu ez jasangarria

Errekurtsoen kontsumoa, sortutako kutsadura eta sistema ekonomikoaren bilakaera kontuan hartuz, ondorioztatzen da nagusitu den garapen eredua ez dela jasangarria.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak egin premiazko deialdiari erantzuteko, Ingurumen eta Garapenari buruzko Munduko Batzordeak hainbat bilkura egin ditu 1984tik goiti. Garrantzitsuenetako bat 1987an Brundtland-en eginikoa izan zen, non “Gure Etorkizun Komuna” izeneko txostena argitaratu zen. Batzordearen iritziz, jendarteak garapen iraunkorra lortzeko ahalmena du, horrela definituz: oraingo beharrak bermatzen dituena etorkizuneko belaunaldien beharrak arriskuan jarri gabe.

Izatez, praktika ekologikoaren helburua da, bizitzarako funtsezkoak diren sistemen eta prozesu ekologikoen begiratzea, espezien eta ekosistemen erabilpen iraunkorra, eta aniztasun biologikoaren babestea.

Ekolinguistika edo hizkuntz ekologia

Azken hamarkadetan ekologia ez da tradiziozko bizitzaren zientzietara mugatu, baizik eta eremu filosofiko eta linguistikoetara hedatuz joan da. Lehen aldikoz, 1972an, Einar Haugen-.en The Ecology of Language lanean aipatua izan zen hizkuntza ekologia

Ekolinguistikak edo hizkuntz ekologiak hizkuntzen eta hizkuntzak transmititzen dituzten diskurtsoen azterketarako ikuspegi teoriko berri bati egiten dio erreferentzia. Ekolinguistikak korrelazioaren alderditik tratatzen du hizkuntza. Ekologian organismo bizien arteko elkarrekintza aztertzen den bezala, baina organismoen eta ingurumenaren artean ere, ekolinguistikak hizkuntzen arteko eta haien inguruaren arteko korrelazioa aztertzen du ere, hau da, erabiltzen duen jendartea. Beraz, hiztunek elkarren artean eta naturarekin dituzten harremanak hartzen dira kontuan.

Hizkuntzak ikas, esporta edo deporta badaitezke ere, sustraiek ez dute hartzen bere indarra mintzatzen diren pertsonengan – are gutiago akademietako hiztegietan-, baizik eta bizitza eman dien paisaian, ingurumenean[1].

Hizkuntza bere testuinguruan edo ekosisteman

Belen Urangaren ideiei segituz, ekosistemaren ikuspegitik hizkuntza bere testuinguruaren baitan aztertu behar da. Zein da hizkuntza eta komunitatearen arteko lotura? Zer balio du hizkuntzak giza taldearen identitatearen eraikuntza eta praktikan? Zer lotura du adierazpide kulturalekin? Antolaketa sozialarekin? edota esparru geografikoarekin (lurrarekin)?

Helburua ekosistemaren oinarrizko oreka mantentzeko neurriak hartu beharraz ohartzea da, hizkuntza baten iraunkortasuna ez baitago soilik hizkuntza horren baitan, baizik eta ekosistema soziokulturalaren baitan, Benesayagen arabera, paisaia konplexuan.

Munduko hizkuntzen %92a 100.000 hiztun baino gutiago dutenak dira. Horietako batzuk handiak izan diren hizkuntzak dira eta, egun, galtzeko arriskuan direnak.

Hizkuntza-ekologiak aniztasuna, banaketa, hedapena eta ukipen-egoerak aztertzen ditu alde batetik, eta bestetik, homogeneizatze-joera (aniztasuna galtzeko arriskua, hizkuntzak desagertzeko arriskua).

Galeraren eragile nagusiak eragile politikoak dira. Kolonizazioak Europako hizkuntzak mundu osoan nagusi izatea ekarri du. Beste eragile nabarmenak, joera demografikoak dira. Baserrialdetik hirira egindako migrazioak izan dira batez ere, hizkuntza asko galtzeko arriskuan jarri dutenak. Eta horren aitzinean, erantzun garbirik ez badago ere, “gauza argia da aurreiritzi eta jarrerak aldatu egin behar ditugula, bai hizkuntza nagusietako hiztunek eta baita komunitateetakoenak ere”.

Hizkuntz “txikia” zaintzeko bideak

Nola lortu hizkuntza-aniztasun jasangarria? Ideia nagusia da elebidun edo eleanitz diren hiztunek hizkuntza txikiaren funtzio oinarrizkoak ez saihestea edo galtzea eguneroko bizitzan, hau da, tokian tokiko hizkuntza “txikiak” bete ditzakeen funtzioak ez ditzala hizkuntza globalago batek hartu. Horretarako, kasu bakoitzean interbentzio desberdinak irudikatu beharko dira eta hor dago lan handiena, baina kontua da filosofia hori aintzat hartu behar dela, eta lortu behar dela norberaren hizkuntza ez alboratu behar izatea.

Batez ere, hizkuntza hedatuetako hiztunak bereziki sentsibleak izan beharko lukete hizkuntza arloan, jakin baitakigu gaur egun hizkuntza zehatz bat iraun dezan garai bateko egoeratan baino ahalegin handiagoa eskatzen duela, eta hizkuntzak bizirik irautea nahi bada, aldeko praktikak jarri behar direla abian.

Hizkuntza gertaera soziala delako, baina pertsonaren alderdirik intimoena ere mamitzen duelako, pertsonaren intimitatean eragiteko motibazioak oso indartsuak izan beharko dira bortxaz. Norberaren lekua munduan eta munduaren lekua norberarengan zein den kontsideratu beharra dugu.

[1] Benesayag Miguel, 2017, La singularité du vivant, Le Pommier, Paris