2023/07/20an, Mediabask-en agertu den Iritzi Artikulua
Zer egin dezakegu egunero hertsagarriagoa den larrialdi ekologikoaren parean? Klimaren Goi Kontseiluaren arabera, 2022. urtea Frantzian, +2,9 °C-rekin erregistratutako urte beroena 1900-1930 urteen aldean, klima-aldaketaren ondorioen areagotzearen adierazgarria izan da. Bere 2023ko urteko txostenean, Frantziaren klima-estrategia aztertzen duen autoritate independenteak uste du berotegi-efektuko gasen isurketen gutitzeak jarraitzen duela “helburuak lortzeko eskasa den abiaduran”, ikusiz «neurri batean aldian aldiko faktore batzuen ondorioa izan dela (bereziki berogailu beharrak murriztu dituen negu goxoarena)». Erakundeak gehitzen du Frantzia ez dela prest klima aldaketaren ondorioei buru egiteko.
Beranta kezkagarri hau tokiko mailan ere aurkitzen da. Kargualdi-erdia dela eta, begirale ekologiko gisa engaiatuak diren herritarrek azken 3 urteetako egoeraren bilana egin dute, Euskal Herriaren metamorfosi ekologikorako beharrezkoak diren ekintzen inguruan herriak eta lurraldea kokatzeko. Hemen ere behaketa oso kezkagarria da: tokiko agintariek ez dituzte oraino berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko gai diren egiturazko politikak plantan ezarri baita ere klima-aldaketaren bizkortzearen ondorioz lurraldea egokitzeko etorriko diren nahasmenduen aitzinean.
Alta, palanka asko badira tokiko mailan. Izan ere, lurraldeko kolektibitateek isuri zuzenen % 15en eta zeharkako isurien % 50en erantzule dira beren antolaketa-hautuengatik. Horregatik, aktore nagusiak dira altxatu behar ditugun erronka ekologikoetan. Larrialdi ekologikoari buru egiteko maila guzietan eraldaketa handiak gertatu behar baldin badira, Herriko Etxea palanka eraginkor eta eskuragarria da gu bezalako herritarrentzat.
Horregatik, erronken heineko neurriak behin betiko hartzeko, gure hautetsiei eskatzen diegu herri mailan hirigunerako Klima Plana bezalako ekintza-plan bat martxan jar dezaten, epeekin eta baliabide dedikatuekin. Bizik proposaturiko Euskal Herriko Metamorfosi Ekologikoaren Ituna sinatuz, 46 Herriko Etxek jadanik hartu zuten engaiamendua halako plan bat egiteko kargualdiaren hasieran. Beraz, sinatu zuten hautetsiei eman hitza errespetatzea gogorarazten diegu eta sinatu ez zutenei erronken larrialdiaren aitzinean beren ardurak hartzea. Aurrekaririk gabeko mehatxu hauek ikuspegi berriekin soilik gainditu daitezke. Horregatik, gure herriei eskatzen diegu lehenbailehen harremanetan jartzea Hirigune Elkargoko Energia Trantsiziorako eta Plangintza Ekologikorako Idazkaritza Nagusi berriarekin urrats honetan lagunduak izaiteko.
Era berean, Euskal Herriko herritarrei dei egiten diegu, lurraldearen metamorfosi ekologikorako premiazko nahi berberak dituztenak, Bizik eskura jarri dien tresnaren bitartez beren herriko hautetsiak interpelatzea, 3 klik besterik ez dira behar eta 30 segundu!
Lurraldearen metamorfosi ekologikoari ekarpena egiteko prest diren pertsona guziak ongi etorriak dira gurekin bat egiteko eta beren herriko begirale ekologiko gisa aktiboki parte hartzeko.
Hitzordua ematen dizuegu datorren urriaren 7 eta 8an Baionan, Euskal Herria Burujabe 2023 ekitaldiaren karietara. Erronka klimatikoari aurre egiteko ari den lurralde baten aldeko mobilizazio kolektiboan ekintza-plan horretan herriek duten engaiamendu mailaren berrikuspena eginen da. Hitza Hitz!
Zure herria interpelatzeko: klimarenalde.bizimugi.eu
Maud Bourdin, Marie-Christine Lagrange, Pierre Larrieu, Ximun Lastiri, Laura Martegoute, Maixan Mercapide, Frédérique De Priester, Cathy Urruty, Camille Valier, Hazparne, Maule, Baiona, Uztaritze, Hiriburu, Ostabat, Baigorri, Aiziritze, Donibane Lohizuneko begirale ekologikoak.
Begirale ekologikoekin bat egiteko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, egin klik hemen edo xehetasun gehiagorentzat gurekin harremanetan sartu posta elektroniko bidez hitzahitz@bizimugi.eu helbidean.