HABITATA IPAR EUSKAL HERRIAN: ESZENAREN GIBELEAN

Azaroaren 24a osteguna, prekaritate energetikoaren kontrako eguna da. Gobernuak etxebizitzen tenperatura 19°C-ra mugatzea eskatzen duenean, oroitarazi behar da etxebizitzen isolamendu txarrarengatik eta bero-galtze handiengatik etxe askok ezin dutela hein hori kausitu. Izan ere, gaizki isolatuak diren 5,2 milioi etxebizitza egiazko iragazki termikoak dira Frantses Estatuan, eta horrek alimaleko eragina badu, biztanleen osasun eta moltsan ez ezik, baita kliman ere (1).

Iragazki hauek bakarrik Frantziako eraikuntzen berokuntza-kontsumoaren %10a erretzen dute eta berotegi-efektuko gasen (BEG) isurietan eragile handiak dira! Etxegintza frantses Estatu mailan BEGak isurtzen dituen 3. sektorea da, beraz, presakoa da isuri horiek murrizteko egiazko neurriak hartzea, bai frantses Estatu mailan, bai tokiko mailan. Eta are gehiago gaur egun bizi dugun energia krisiaren testuinguruan.

Iaz, Frantses Estatuan, Kontu Auzitegiak egin txosten baten arabera, gaizki isolatuak diren 5,2 milioi etxebizitzetatik, isolamenduak hobetzeko delako «MaPrimeRénov» diru-laguntzak 2.500 arraberritze baizik ez zituen diruztatu…  Erritmo horretan, 2.000 urte baino gehiago beharko lirateke iragazkiak diren etxebizitza horien berritzeko! Gainera, laguntza horien zenbatekoak ez dira nahikoak eraikinen arraberritze energetikoa gainditzeko: dosier bakoitzeko ordaintzen den diru-laguntza 3.200 euro ingurukoa da batez beste, arraberritze oso eta eraginkor batek 40.000 eta 50.000 euro artekoa eskatzen duelarik.

Ipar Euskal Herrian berokuntza beharren asetzea berotegi-efektuko gasen emisioen %75aren iturria da etxebizitzen sektorean. Azken honek lurraldeko energiaren %38 kontsumitzen ditu. Lurraldeko 177.000 etxebizitzetan, erdiak baino gehiago E, F edo G (3) sailkatuak dira eta ezingo dira alokatu hemendik 2034a arte. Etxebizitza kolektiboen % 20 G sailkatua da DPEn eta, beraz, alokairu-merkatutik kanpo egonen dira. 2023an!

Euskal Elkargoko Klima Planak 2050. urterako % 3,33ko arraberritze tasa duen eredu bat erabiltzen du (hau da, urtean 5.900 etxebizitza) eta horrek etxebizitza multzo osoa  arraberritzea ahalbidetuko luke eta azken finean energia-kontsumoa % 60ez murriztea ahalbidetuko luke. Hala ere, 2021eko txostenean ez da zehazten egin diren arraberritze termikoen kalitateari buruzko informaziorik (2020ko txostenak gutienez energia-klase bateko irabazia duen arraberritze-maila zehazten zuen).

Orain arte, ekintza publikoak eta laguntzak ez dira erronken gainditzeko heinekoak. Larrialdiaren aitzinean, ez dezagun gehiago itxoin ekiteko!

(1)  Arraberritze Energetikoaren Behatoki Nazionalak (ONRE) 2022ko uztailean egin ikerketaren arabera

(2) Le déploiment par l’Anah du dispositif “Ma primerénov’ “: premiers enseignements

(3) IPAR EUSKAL HERRIKO KLIMA PLANA –Diagnostikoaren Txostena – 2021eko ekainaren 19ko bertsioa, 156. orria: Ipar EHko etxebizitzen energia kategoria (2. grafikoa)