EUSKAL ELKARGOAN ZER? 👀 Lurraldearen egoera oraino lausoa da.

Climataction plataformak Euskal Elkargoaren klimaren arloko urratsen gardentasuna bermatzen du. Bertan atzemaiten dira 2030. urtearentzat finkatu helburuak eta 2019ko aitzinatzeak zertan ziren. Datu hauek ez dira gaur egunduak izan baina Klima Planaren aitzinatze mailari buruz komunikazioa aitzin ikusia da udazken honetarako.

Anartean, 2021eko garapen jasangarriaren txostenean seinale batzu agertzen dira.  Euskal Elkargoa trantsizio ekologikoarekin engaiatua den Lurraldea bada, oraino bada hobekuntza tarte anitz.

Euskal Elkargoko plataforman eskuragarri diren zenbaki adierazleak 2019koak dira, Klima Planaren diagnostikoaren urtekoak. Klima Plana, osasun egoera zela eta, 2021eko ekainean baizik ez zen bozkatu, 2020ko ekainean egin behar zelarik. Hala ere, oraindik 2020 edo 2021 urteetako zenbakiak ez dira argitaratuak izan. Datu falta horrek ez die ahalbidetzen lurraldeko eragile eta biztanleei zuzendutako ibilbideekin kokatzea, ezta horren arabera mobilizatzea ere. Euskal Elkargoak udazken honetan zabalduko duen informazioak, gure jarrera argituko du behereko helburuei buruz:

  • berotegi-efektuko gasen isurketak, azken hauen murrizteko,
  • karbono metatzea, bereziki landaretzan eta lurretan,
  • energia-kontsumoa, horren murrizteko helburuarekin,
  • energia berriztagarrien ekoizpena, horiek garatzeko asmoz.

ETXEBIZITZAK:
2021ean 500 arraberritze termiko, Klima Planak finkatzen duelarik 5.900 berrikuntza urteka.
Klima Planaren helburua goi mailako arraberritze lanak (hots Kontsumo Apaleko Eraikinak) direlarik, 2021eko txostenean ez da zehazten eginiko arraberritze termikoen kalitateari buruzko informaziorik (2020ko txostenak energia aurrezteko duten arraberritzeen maila zehazten zuen, energia klase bateko aitzinatzearekin, gutienez). Gainera, txostenak Interes Orokorreko Programaren baitan egin arraberritze termikoak baizik ez ditu aipatzen. Ez da baztertzen beste arraberritze batzuk beste dispositibo batzuen bidez egin direla.

KLIMA:
Txostenak estimatzen du erregai gutiago kontsumitzen duten 7 kamioi erosteak 4/4ko puntuazioa merezi duela, I4CEren ebaluazioarekin kontraerranean. Azken honek bere Aitzinkonduen ebaluazio klimatikoa txostenean  ezantza edo diesela erabiltzen duten kamioien erostea klimarentzat kaltegarria dela adierazten baitu.

ENERGIA:
Txostenean aipatzen diren 24 proiektu fotovoltaikoek Klima Planaren arabera urtero instalatu behar denaren  %4 ordezkatzen dute. ELENA programak, 77 arraberritze energetiko orokor eta 70 eguzki-zentral fotovoltaiko aitzinikusten ditu. Horrek Euskal Elkargoari bere ondarearen arloan prozesua zalutzeko parada eman behar lioke.

Euskal Elkargoak bere ondarearen kudeaketan eredugarri izateko betebeharra badu, eragile eta biztanle guziak dira engaiamendua hartu behar dutenak lurraldearen metamorfosi energetikoa gerta dadin. Norbanakoak animatzeko, Euskal Elkargoak eguzki kadastro bat argitaratu du biztanleek beren teilatuen eguzki potentziala ezagutu dezaten eta eguzki bultzada bat plantan eman du panel fotovoltaikoen instalazioan laguntza finantzarioa ekartzeko.

Klima Planak panel fotovoltaikoen masifikazioa aurreikusten du batez ere teilatuetan, baina baita lurrean ere (hondakin lurperatze gune teknikoetan, harrobietan eta aparkalekuetan). Ekoizpena handitzen ari da eta bide onetik goaz, baina abiadura egokian joaten girea?

Enedis sare elektrikoaren kudeatzaileak elektrizitate fotovoltaikoaren ekoizpenaren datuak ematen ditu Euskal Elkargo mailan. Horri esker, lorturiko ekoizpena eta Klima Planaren helburuekin bat egiteko beharrezkoa izanen dena konpara daitezke.

Datu horien arabera, 2019 eta 2021 artean, lurraldeak 1,7 GWh-ko batez besteko produkzio fotovoltaikoa handitu zuen urtero. Alta, Klima Planaren arabera, ekoizpena 2019an 32 GWh-tik 2030ean 528 GWh-ra igo behar da, hau da, 45 GWh ekoizpen gehigarria urtero.

Momentu honetan ibilbide egokian egoteko joan beharko genukeen abiaduraren %4an bagoaz gutti gora behera. Beraz, azelerazio zinez handiak beharrezkoa dirudi energia berriztagarrien ekoizpen-helburuen ez huts egiteko.

Txosten honek egiazko ahaleginak erakusten ditu, baina argi uzten du ere Euskal Elkargoa ez dela aski fite mugitzen bere helburuak lortzeko. Udazken honetan hitzordua badugu ikusteko ea egoera argitzen den!

Begirale ekologikoekin bat egiteko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, egin klik hemen edo xehetasun gehiagorentzat gurekin harremanetan sartu posta elektroniko bidez hitzahitz@bizimugi.eu helbidean.