Urtarrilaren 28an larunbatez, Bizi! eta Hitza Hitz-eko begirale ekologistek, jantokietan elikamolde sanoago eta ekologikoagoen aldeko kanpainaren baitan, “Jantokia: klima eta haurren osagarriarentzat palanka!” mahai-ingurua antolatzen dute. 10:00etarik 12:00etara (harrera 9:30ean eta haurren xokoa apailatua) iraganen da Bidarteko Jean Jaccachoury lehen mailako eskolan, eztabaiden ondotik janari-mahai bat eskainia izanen delarik.
Mahai-inguru honetako hizlari nagusiak Isabelle Pargade, Hazparneko auzapeza eta biharko laborantza eta elikaduraren Euskal Elkargoko presidenteordea, Christelle Laborde, Bidarteko Haurtzaro eta Gazteria saileko arduraduna, eta Hélène Labrosse, Lekorneko jantegiaren aldaketan buru belarri sartua den burasoa, izanen dira.
Zailtasunak eta aterabideak eztabaidatuko dira, jantokiak animalia produktu gutiagori eta hobeagoei buruz bideratzeko, elikagaien xahuketa murrizteko eta tokiko elikagai biologikoen presentzia handitzeko, haurren osagarriaren eta klimaren onerako.
2020an, 46 Herriko Etxe eta Euskal Elkargoa engaiatu ziren, Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren aldeko Ituna sinatuz, “Kolektibitatearen jantokietan tokiko menu biologikoen eta hautu begetarianoaren alde ekitera”. Gure egungo jan-moldeak frantses Estatuko karbono aztarnaren ¼ ordezkatzen du animalia produktuen gehiegizko kontsumoaren ondorioz.Alta, joan den irailean, 9 jantokik ez zuten asteko bazkari begetarianoa eskaintzen, legea urratuz. Gainera, jarraituak diren 15 hirietatik bik baizik ez dute Proteinen Dibertsifikazio Plan eraginkorra plantan eman. Azken 4 urteetan beharrezkoa den plan honek animalia-proteinaren partea murriztea eta landare-proteinarena handitzea du helburu. Gaur egungo animalia-produktuen gehiegizko kontsumoak eragin handia du haurren osagarrian eta hunkitzen dituen lurraldeetan.
Geldirik egotearen arrazoiak?
“Haurrek ez dituzte maite plater begetarianoak”, “ez dugu planetaren bestaldetik heldu den soja ultra-prozesaturik nahi”, “eskasak ukanen dituzte”. Ohituren pizuaren eta uste komunen nahasketa…
Alta, posible da!
Biziren eskoletako jantokien inguruko desmartxa eredugarria den Herriko Etxe batetarik inspiratua da. Hain zuzen ere Mouans-Sartoux herritik: bertan eskolako haurrei astean 2 otordu begetariano eskaintzen dira eta elikagaien xahutzea %80ez murriztu da.
Bere arrakastaren gakoa?
Herriko Etxeak jantokietara joaten diren edo jantokietan eragiten duten pertsona guziak integratuz ekin du. Laborariekin haurren sentsibilizaziotik hasiz, jantoki zerbitzuen formakuntzara, edota burasoendako eta biztanleendako kultur ekitaldien bidez, hori guzia beren lurraldea garatzeko deliberatuak diren hautetsien bultzadari esker.Ondorioz, eragile (hautetsi, funtzionario, buraso eta herritar) ezberdinen arteko trukaketa tarte baten bidez, lurraldearen elikadura metamorfosia bizkortu nahi du Bizik.
Bizik jantokiek osatzen duten palanka hori aktibatu nahi duten pertsonei topaketa berezi honetan parte hartzeko izena emateko gomita luzatzen die.