TXALO 👍 Biriatu

Elikagaien eskasiaren arriskua bere Herriko Etxeko babes-planean txertatu duen frantses Estatuko lehen herria den Biriatu, elikadura-segurtasunaren eta burujabetzaren alde bereziki ekiten duen Herriko Etxea da. Herriko Etxeko hautetsiek erabaki hori hartu dute elikagaien arloko erresilientziari buruzko formakuntza ukan ondotik.

Herriko Etxea Hendaia eta Urruñarekin engaiatua da ere lurralde elikadura proiektu baten baitan, ostalaritza kolektiboaren hornikuntza bermatzeko xedearekin.

Anitzetan herriek ez dute ezagutzen, nahiz eta anitzentzat nahitaezkoa den, baina Herri Babeseko Planak arrisku naturalen prebentzio plan bat barne hartzen du. Biriatu frantses estatuko lehen herria da zeinak plan horretan neurriak aurreikusten baititu, zibereraso batengatik, pandemia batengatik, gatazka sozial luze batengatik edo hondamendi natural oso larri batengatik gerta daitekeen janari eskasia bati buru egiteko.

Epe labur, ertain eta luzeko hainbat ekintza pentsatuak dira. Lehena hau da: sentsibilizatu herritarrak, inguruko herriak, Euskal Hirigune Elkargoa eta, batez ere, sokorri zerbitzuak, hala nola suhiltzaileak, suteez eta sorospenez arduratzen den Departamendu-zerbitzua bere Arriskuen Aztertzeko eta Estaltzeko Departamendu-eskema aberastera bultzatzeko.

Ondotik, Biriatuk familia baratzeak eta janari erreserbak (ontzietan) lehen bezala egitera sustatu nahi ditu. Horrez gain, zirkuitu laburrak sustengatu nahi ditu, laborari gazteak gisa anitzetako ekoizpenetan plantatzen lagundu, baita hemengo irinak erabiltzen dituen okindegi-epizeria ekologiko bat irekitzen eta kantinako erreserbak emendatzen ere. Laborantzako hazien biltegi bat, oihan-baratzeak edota suteen geldiarazteko baratzeak sortzea ere pentsatua da. Gainera, elikadura-erresilientziari buruzko herri batzorde bat sortuko da.

Hautetsiek Babes Planaren aldaketa landu dute elikadura-erresilientziari buruzko formakuntza bat segitu ondoan Stéphane Linou Aude-ko kontseilari nagusi ohiarekin, hau da Locavore mugimenduaren aitzindaria. Egia errateko, Euskal Elkargoko Lurralde mailako Elikadura Proiektuak ohartarazten digu Ipar Euskal Herriak zereal, fruta eta barazkien hornikuntza-ahalmen oso eskasa duela: fruta eta barazkien ekoizpena kontsumo potentziala baino 16 aldiz ttipiagoa da eta ogi-gariak ez du ahalbidetzen ogia ekoizteko %1etik gorako autonomia izatea! Herrien mailako Babes Plana, alde horretatik, elikadura-erresilientzia indartzeko eta ekoizpen-zirkuituen birtokiratzeko tresna bat da zinez ekologikoa den Ipar Euskal Herri batendako.

Begirale ekologikoekin bat egiteko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, egin klik hemen edo xehetasun gehiagorentzat gurekin harremanetan sartu posta elektroniko bidez hitzahitz@bizimugi.eu helbidean.