Ipar Euskal Herriko Metamorfosi Ekologikoari buruzko 2021eko txostenetik landa (herriko etxeen emaitzak deskubritu), Biziren Begirale ekologikoek proposatzen dizute jarraipenaren 1. urteari buruzko informazio nagusietaz pundua egitea.
Aitzineko agintaldiaren bilana egitean, BIZIko Hitza Hitz batzordea ohartu da segitu dituen 30 herriek (biztanleriaren %75) klimaren aldeko tresna-kutxatik hartutako ekintza oso gutti burutu edota hasi zituztela: trantsizio ekologikoa ez da Ipar Euskal Herrian iragan. Trantsizio hau eta bere urrats ttipiak ez baitziren gehiago IPCC taldeko zientzialariek plazaratzen duten larrialdi klimatikoaren heinekoak, BIZIk 2020ko herriko hauteskundeetan lurraldearen Metamorfosi ekologikoaren Ituna proposatu du. Itun honek 7 gai egituratzailetan ekintzak biltzen ditu: bakarkako autoaren erabilpenari alternatibak, eraikinetan energiaren menperatzea, %100 berriztagarriak diren energien lurraldea, laborantza eta elikadura tokikoa eta biologikoa, tokiko ekonomiaren garapena Euskoarekin, hondakinen murrizketa eta Klima Planaren plantan ezartzea.
Itun hau sinatu duten hautetsiek herri eta elkargo mailan ekintza guziak gauzatzeko engaiamendua hartu dute. Hauteskundeetako emaitzen ondotik, Ituna izenpetu duten 46 zerrenda hautatuak izan dira. Herri izenpetzaileak hirikoak, hiriingurukoak edo baserrialdekoak dira, neurri eta joera politiko guzietakoak, 3 probintzietan eta 9 lurralde eremutan sakabanatuak. Baina Hitza Hitz jarraipen batzordeak 2000 biztanletik gorako 10 herri ez izenpetzaileek daramatzaten ekintzak ere segitzen ditu (3 hiri: Angelu, Bokale eta Donibane Lohizune eta 7 herri: Ahetze, Arbona, Arrangoitze, Basusarri, Beskoitze, Larresoro eta Ahurti), Ipar Euskal Herriko metamorfosia ez delako haiek gabe eginen! Beraz, Biziren Hitza Hitz batzordeak herritar zaintza bat eramaten du Euskal Elkargoko jendetzaren %87a batzen duten 56 herritan, Elkargoa ere urraspide honetan engaiatua dela eta, dituen zinegotzi izenpetzaileen bitartez.
Herrien emaitzen deskubritzeko edo Ipar Euskal Herriaren Metamorfosi Ekologikoaren egoerari buruzko 2021eko Txostenaren kontsultatzeko : xehetasun gehiago.
Begirale ekologikoekin bat egiteko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, egin klik hemen edo xehetasun gehiagorentzat gurekin harremanetan sartu posta elektroniko bidez hitzahitz@bizimugi.eu helbidean.