RIO+20 : 2 elgarretaratze sozialaren eta ekologikoaren alde Biarritzen eta Bilbon


 
  350 pertsonek osatu dute, asteazken honetan, ekainaren 20an, arratseko 19 :00etan, Biarritzeko hondartza haundian, Justizia Sozialaren eta Ekologikoaren aldeko jende kate haundi bat. Tokiko 20tik pasa elkartetarik bultzatua zen manifestaldi honen gai orokorra «Natura, denen ontasuna da, heien «ekonomia berdea»ri ez!» zen.
 
  Manifestalarien parte bat letra erraldoi bat pertsona bakotx eramaiten zuten jendetaz osatua zen, denek batean honelako mezuak osatzen zituztelarik : «Natura ez da salgai!» ; «Itsasoa zakarrontzi edo bizi iturri» ; «Sistema alda dezagun, ez klima!» ; «Laborantza iraunkorra da geroa» edo ere «AHT suntsitzaile, baliogabe eta hondagarriari EZ !».
 

Biarritz


 
  Jende kate honek Rio de Janeiron, NBEn Rio+20 deitutako Konferentziarekin paraleloki iragaiten den «Justizia sozialaren eta ekologikoaren aldeko, biziaren merkantilizazioaren kontrako eta denen ontasunen defentsaren aldeko populuen gailurra»ren Nazioarteko Deiari erantzuna ekartzen zuen. Beste elgarretaratze bat ere iragan da ber egunean Bilbon, Iberdrola elektrizitate enpresaren egoitza nagusiaren inguruan.
 
  Biarritzeko manifestalarien ordezkari batek, Mattin Ihidope-k, adierazi du «Gaur mobilizatzen gira Biarritzen eta munduan zehar Rio+20eko Konferentzia Ofizialeak proposatzen duen Ekonomia Berdeari, hots natura eta bizitzaren merkantilizazioaren etapa berri honi, ez erraiteko. Ura, zoru eta airea bezalako ontasun naturalak ez dira ez merkantziak ez eta ere finantza-aktiboak! Errefusa ditzagun karbonoaren merkatua, konpentsazio eta espekulazio mekanismoak, agroerregaiak, naturari eta biziari patenteak ezartzea, zoru eta oihanen pribatizazioa!»
 
  Claire Deruy-k, jende katearen beste bozeramaile batek, defenditu du justizia sozial eta ekologiko bat, hazkundea burubelarri emendatzeko xedea ordezkatuko lukeena ongi bizitzearekin, neurritasunarekin, elikadura burujabetasunarekin, denen ontasunen berjabetza kolektiboarekin, trantsizio energetikoarekin eta ekonomiaren bertokiratzearekin.
 

 
  Baieztatu du «Egiazko aterabideak eta alternatibak ez dira eskas. Bereziki tokiko mailan: hurbileko garraio kolektibo neurritsuagoekin, garraio molde «eztiekin», AHT suntsitzaile, baliogabe eta hondagarriaren errefusatzearekin ; baliabideak babestuz, erreketako eta itsasoko uren kalitatearen berreskuratzearen aldeko borroka, laborantza herrikoi eta hurbil baten atxikitzea, AMAP delakoen sustatzea, banatze sare laburrak, sailkako hondakinen bilketaren aintzinean emaitea eta gas eta gas-hodi ezberdinen merkatu espekulatiboaren kontrako mobilizazioak…»
 

Bilbao


 

Rio