Ostegun honetan, urriaren 29ko arratsean gauerditik landa plantan emana den konfinamenduari lotuak diren neurriak direla medio, Bizi! eta SOS Racismo elkarteek erabaki dute ondoko data batera gibelatzea ostiral honetan Hendaian aintzin ikusia zuten ekintza. Ekintza horren xedea, Omiasaindu bezpera honetan Europara sartzera saiatuz hil diren 40 000 etorkinei, haietarik 20 000 pasa ito direlarik Mediterraneoan azken 5 urteetan, omenaldi baten egitea zen. Horren bidez nahi ginuen ulertarazi eta sendi arazi zein den Europar Batasunaren gaur egungo migrazioen inguruko kudeaketa politiken jende kostu izigarria.
Hitzordua, ostegunean, azaroaren 5ean, 19:00etan
Aldiz, ostegunean, azaroaren 5ean antolatzen dugun «Aldaketa klimatikoa eta migrazioa» bideo-hitzaldia atxikia da, jadanik egokitua izan zen etxeratze aginduari lotuak ziren baldintzei, eta ondorioz konfinamendu neurriekin ere segurtatua izaiten ahalko da. Bideo-hitzaldia hasiko da 19:00etan eta facebook live-en segitzen ahako da EtorkiZUna-Pays Basque Terre d’accueil orrian.
Hitzaldi horrek pundua eginen du datozen hamarkadetan erronka nagusia bilakatuko den ingurumen edo klima arazoei loturiko migrazioei buruz. Hitzaldi horretan ezohiko parte hartzeak ukanen ditugu : François Gemenne, Liège-eko Unibertsitateko FNRS-eko ikerlaria bertan, ingurumenaren geopolitikari lotutako gaietan berezitua den Hugo Behatokia zuzentzen du, eta, Hindou Oumarou Ibrahim, Tchad-eko geografoa Afrikako baserri eremuetako komunitateen alde borrokan ari dena klima aldaketari buruzko mundu mailako borrokaren karietara.
Ipar Euskal Herrian etorkinekiko elkartasunaren indartzeko web orria
Thomas Sommer-Houdeville, Okzitaniako Tolosako CNRS-eko ikerlariak proposatuko du pasaian diren etorkinentzat pasabide bilakatu den Euskal Herrian den etorkinekiko laguntza sareen egoeraren azterketa bat.
Azkenik, bideo-konferentzia honen karietara lehen aldikotz aurkeztua izanen da Ipar Euskal Herrian etorkinekiko elkartasunaren web orri berria. Tresna hori sareko aurkitegi bat bezala eraikia da, elkartasun sareko elkarteak lagundu nahi dituzten pertsonentzat edo molde batez edo bestez etorkin eta errefuxiatuen harreran eta laguntzan hemen parte hartu nahi duten guzientzat.