2021eko azaroaren 8an, Mediabask-en argitaratua izan den Begirale Ekologikoen Iritzi artikulua.
Bizik plantan eman duen Ipar Euskal Herriko Metamorfosi Ekologikoaren Itunaren ekintzen gauzatzean jarraitzen ditugun Herriko Etxeetako begirale ekologiko gisa inplikatuak giren herritarrak gira. Iparraldeko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko I. txostenaren harira, gure Herriko Etxea urrezko ostruka sariarentzat izendatua izan da, larrialdi ekologikoari aurre egiteko burua hondarrean gehienik sartu duena izateagatik – Kanbo , Mugerre eta Donibane Lohizune – edo urrezko karpa sariarentzat izendatua izan da, agintaldiaren lehen urte honetan isilik egoiteagatik: Angelu, Biarritz eta Bokale. Oro har, 1. txosten honen emaitzak, kezkagarriak dira: jarraituak diren 56 Herriko Etxeetarik 40 metamorfosiaren 0. fasean dira, geldirik egotearen fasean!
Alta, klima nahasmendua handitzen eta bizkortzen ari da, muturreko gertakari klimatikoak biderkatzen dira eta IPCCko zientzialariek argi uzte digute: denbora gutti dugu txarrena saihesteko. Zuzenean zein zeharka berotegi-efektuko gasen emisioen % 50aren erantzule diren tokiko kolektibitateek, ez badute neurri glogal eta lasterrik hartzen, zein etorkizun utziko diegu gure haurrei eta arrahaurrei?
Dena den, izendatuak izan diren Herriko Etxeetako hautetsien lehen erreakzioekin, argi ikusten da zer diferentzia baden gaur egun eramaten dituzten politiken, eta haiek ekologikotzat dituzten politiken, eta lurraldea gero jasangarri eta solidario bati prestatzeko hartu behar diren neurrien artean. Biziri zuzendu gutunean, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak bere «harridura» adierazten du urrezko ostruka izendatua izan ondoren, jakinez azken finean sariaren irabazle bukatu duela Herriko Etxe horrek. Joan den mendeko lurpeko aparkaleku-proiektu bat darama (Îlot Foch), hiriaren erdigunean ehunka aparkaleku gehituko dituena, beste hainbeste auto gehiago erakarriz. Arbol batzuk landatzeko aitzakiarekin, metamorfosi ekologikoaren politika gauzatzen duela eta Urrezko Tximeleta merezi duela aldarrikatzeraino heltzen da! Gogoratu Irigoyen jauna, Donibane Lohizuneko auzapeza, Mugikortasunen Sindikatuko presidentea dela ere eta Sindikatuaren eginkizun nagusia « mugikortasun-eskaintza moderno eta eraginkor bat eraikitzea » dela « “oro-autoz” ari alternatiba gisa », Euskal Elkargoko webguneak dionaren arabera…
Holako desfasearen eta jokoz kanpo diren holako proiektuen aitzinean, hautetsiak trebatzeko premia izugarria sentitzen dugu, egoeraren premiaz zinez jabetu daitezen eta azkenean erronken heineko neurriak gauzatzen has daitezen. Gutariko gehienak ez gira oraindik osoki jabetzen zein diren jokoan diren handitasun neurriak. Ikusi dugu aitzinetik prestatutako herritar arruntek zer neurri eraikitzaile proposatzen ahal zituzten, Klimaren aldeko Herritar Hitzarmenaren adibidearekin. Eta zer egin duten horren ondotik gaiari formatuak ez ziren politikariek… Zer aurreikusten du Euskal Elkargoak arlo honetan hautetsientzat, bereziki exekutiboarentzat? Zinez lurralde erresiliente batean bizitzeko esperantza atxikitzen ahal dugu, sekulan plantan emanak diren politikak egungo hondamendietara eraman gaituzten XX. mendeko begilagunekin eramanak badira.
Beharrezko aldaketen tamainak politika egiteko beste molde bat ere eskatzen du, herritarrekiko demokratikoagoa eta gardenagoa. Urrezko Karparako izendatuak izan diren Herriko Etxeek, Begirale Ekologikoen hainbat harremanetan sartzeko saiakerei erantzutea ez diete ihardestea onetsi. Geldirik egoteari, isiltasuna gehitu diote, bereziki Biarritzek, Itunaren sinatzaile delarik. Eta Herriko Etxe ainitzek ez dizkigute eskatutako jarraipen adierazleak bidali. Alta, gehienetan, interes orokorreko datuak dira, Errepublika Digitalaren aldeko legearen arabera, hiriek jadanik sarean argitaratuak ukan behar lituzketenak.
Halako inertziaren aitzinean, Ipar Euskal Herriko herritarrei dei egiten diegu haien Herriko Etxeko eta lurraldeko hautetsiak sentsibiliza ditzaten, eta batu daitezen Begirale Ekologikoei, denek behar dugun Metamorfosia suspertzeko.
Catherine Chantecaille, Angeluko Begiralea
Isabelle Bousquet, Biarritzeko Begiralea
Ketty Etcheverry, Bokaleko Begiralea
Albert Sarthou, Kanboko Begiralea
Jean-Charles Di Fusco, Mugerreko Begiralea
Bernard Capelier, Donibane Lohizunek Begiralea