Metamorfosi ekologikoa: Bizik Urrezko Karpa ematen du Biarritzeko Herriko Etxean

Astelehen honetan, urtarrilaren 31n Biarritzen, Bizi! Elkarteko kideak Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko 2021eko emaitzen argitalpenaren karietara emandako Urrezko Karpa saria Herriko Etxean ematera etorri dira.

Azaroaren 6an, larunbatez, COP 26aren ber momentoan eta Herriko Etxeek eta Elkargoak beren agintaldiko lehen urtea bukatu eta, Bizik, herritar jarraipenaren emaitza den Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoerari buruzko lehen txostena aurkeztu du. Elkarteak, larrialdi klimatikoaren aitzinean beharrezkoa den metamorfosi ekologikoa plantan emateko ezintasun maila orokorra salatu du. Sariak emateko okasionea ere izan da, besteak beste, bere ekintzen inguruan isilik egon zen Herriko Etxearen sariaren ematearena: Biarritze, Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikorako Itunaren izenpetzaile den hiri bakarra da  bere agintaldia hasi duenetik begirale ekologikoen kontaktu saiakerei isiltasun osoarekin erantzun duena.

Astelehen honetan, urtarrilaren 31n, ekintzaileek Urrezko Karparen Métam’Or Trofeoa aurkeztu dute Herriko Etxean, “Ene Auzapeza Berantean” pankarta zutelarik. “Halako beranta batek -3 hilabete baino gehiago- zalantzak sortzen ditu Herriko Etxeko taldeak bizi dugun larrialdi ekologikoari buruz duen egiazko kontzientzia hartzeaz, baina agurkatzen dugu Biarritzeko Herriko Etxearen erantzun frango zehatza”, dio Margot Pfeffer Biarritzeko Begirale Ekologikoak.

Biziko Hitza Hitz batzordearen Herriko Etxearekin harremanetan sartzeko saiakera anitzen ondotik, urte eta erdiko isilunetik landa, bere isiltasunetik atera da Biarritzeko Herriko Etxea. Azken Herriko hauteskundeetan hartutako metamorfosi ekologikoaren aldeko engaiamenduen gauzatzearen  herritar  jarraipenaren baitan, 2021a bukatu baino egun batzuk lehenago erantzun du. Hots, osatzekoak ziren jarraipen-orriak lortu eta 5 hilabete berantago, bere herritarrei Ipar Euskal Herriko Metamorfosi Ekologikoaren Itunarekin harremana duten ekintzen berri eman du.

Biziko kideek parada baliatu dute Biarritzeko hautetsiei gutun bat uzteko, haren bidez bilkura baten eskatzeko eta  trukaketa molde eta jarraipen hobekizale baten adosteko.

Elkarte ekologistak dei egiten die gainerako hiriei -bereziki Angelu eta Bokaleri, Urrezko Karpa sariarentzat izendatutako beste bi hiriei, beren herritarrak informa ditzaten eta, azkenik, erronken heineko neurriak har eta gauza ditzaten.