Kutsazergaren ordez bidesari baten sortzea gibelatze demokratiko eta ekologiko larri bat da. Kutsazergaren geroa finkatzeko Hollande gobernamenduak plantan eman zuen legebiltzarreko ikerketa lan taldeak berak eginiko gomendioei kasu egin gabe eta garraio, hazkurrigintza eta saltegi handien nagusien lobby oldarkorrenen aintzinean amore emanez Hollande gobernamenduak ezeztatu du legebiltzar kideen gehiengo haundi batek bozkatutako lege bat.
Emaitza harrigarria da: diru sartzeek bakarrik ekarriko dituzte 500 milioi euro urtero, 1,2 miliar euroren ordez eta 300 milioieko urteko etekin garbiaren ordez (FNAUT-en arabera)! Alta herritarrek eta zerga ordaintzaleek behar dute jakin datu garrantzitsu bat, usu gordetua dena: ia 800 milioi euro urteka oparituak izan ziren bidezko garraioetako lobby-ei kutsazergaren plantan emaitearen aintzinetik konpentsatzeko (FNE-ren arabera)!
Adibide gisa hartzen ahal da kamioien haxa edo ardatz zergaren urteroko ttipitzea (50 milioi eurokoa), gasoilaren zergarena (150 milioikoa), kamioiez merkantzien garraioa 40 tonatik 44 tona arte igotzeko baimena emaitea, bideen mantentze gastuak urtero 400 milioi euroz haundituz. (CGEDD-ren arabera).
Opari horietaz, bide garraioetako lobby-a urtero gozatzen da, plantan emana izanen ez den kutsazergaren konpentsazio gisa! Biktimak, herritarrak dira, zeren haien zergek dute ordaintzen oparien arteko eta bidesarien sartze ttipien arteko diferentzia, bideen andeatzearen ardura nagusiena duten kamioiek normalean beren gain bideen mantentzea behar luketelarik hartu.
Garraio kolektiboen proiektuen finantzamenduak ez du gehiago kutsazergatik etortzekotan ziren sartzeen gainean kondatzen ahalko. Beren bide sare gero eta andeatuagoen mantentzeko ere lurralde kolektibitateek ere ezingo dute kutsazergarekin kondatu. Merkantzien bidezko garraioak SNCF-ari, itsas edo ibaietako garraioari egiten dien konkurrentzia desleialak lasaiki jarraitzen ahalko du.
Horrek guziak koherentzia atxikitzen du delako Trantsizio Energetikoari buruzko lege proiektuan Garraioa sailak dituen alimaleko eskasekin. Bertan ez da deus atxemaiten garraio kolektiboen, trenbidezko edo urezko merkantzien garraioen edo auto-partekatze eta txirrindularen garatzeko. Pundu zehatz bakarrak, frango ezezkorrak dira. Agro-erregaiek luketen garatzeko posibilitate asaldagarriari lotuak dira edo auto termikoa bezain trabagarria eta aztarna ekologiko inportante bat duen auto-elektrikoaren erabilpena sustatzeko neurri biziki karioak. Hots, Royal eta Hollande-en arabera, ekologia da 64 milioi biztanle dituen herri batean 32 milioi auto beharrezkoak bilakarazi dituen garraio eredu baten jarraitzea da.
Gure buruzagiek ez ote dute deus ulertu arazo ekologiko, klimatiko eta energetikoaren larritasunaz, edo beren erabakien finkatzeko bakarrik konduan hartzen dituzte nagusien eta industria eta finantza lobby ezberdinen nahien asetzea? Egia erran, bi hipotesiak segurrenik ere bali dira.
Edozoin kasutan, emaitza orokorra aintzinetik jakiten ahal zitekeena da: Hollande gobernamendua arlo ekologikoan eta trantsizio energetikoan, Sarkozy gobernamendua baino oraino guttiago egiteko… untsa partitua da!