Gure eskualdeak hunkitzen dituen sekulako idorteak zorigaitzez klimaren gaian berezitu espezialisten abisuak baieztatzen ditu: klimaren beroketaren lehen efektuak eta heien indarra gero eta ugariagoak dira. 2010an jadanik, seinale dramatikoak biderkatu ziren: bero handi, idorte eta sute erraldoi Errusian, Pakistanen uholde izugarriak (lurraldean %20 urpean, nehoiz baino maila handiagoarekin); Artikoko eta Antartikoko izotzen sekulako urtzea; oihanetako sute izugarriak Israelen bero handiaren ondorioz, Uholde “biblikoak” Australian.
Alabaina, prozesu ikaragarri horren sorburu diren gure gas isurketak handizki apaldu beharko genituzkeelarik, buru-belarri kontrako norabidea hartzen dugu! Joan den maiatzaren 30ean, Energiaren Nazioarteko Agentziak (AIE) 2010an isurketak maila historikora igan direla anuntziatu berri du.[:]
NLurraren batez besteko tenperaturaren beroketa 2°-tara (klimaren erotzearen heintzat kontsideratua dena [1]) mugatzeko helburua larriki gaitzesten dugu. Horretarako, 2020an CO2 isurketek ez lukete 32 gigatonako heina gainditu behar. Alabaina, beti AIEren arabera, isurketak oraiko kopuruarekin segituz geroz, heldu den urtean, jadanik, hein horretara helduko gara. Jean Jouzel klimatogoak eta Nobel saridunak berrikitan adierazi bezala, «GIECen ezenario larrienen norabidean gara». Planetak argi eta garbi gutienez 4°C-tako beroketa jasanen du! (1).
Sistema alda dezagun eta ez klima
Ezinbestekoa da modeloa egin ahala laster aldatzea (larrienaren saihesteko, 2015etik goiti tendentzia alderantzizkoa izan behar da). Egundanik, gure arduradunei goraki erran behar diegu eta mobilizatu behar gara ekoizpen eta kontsumo, energia, garraio eta lurralde antolaketa modeloa alda dezagun. Borondate politiko azkar batekin, dena teknikoki oraino lorgarria da!
Jendartearentzat premiazko borroka bat jokoan dela ohartu behar dugu eta behin baizik iraganen ez dena. Klimaren erotzera heldu eta, gauzak aldaezinak izanen dira!
Arabiar udaberriaz inspiratuz, fatalismo eta fede-gabetasuna baztertu behar ditugu eta larrienaren saihesteko gogotsu ekiten hasi behar gira. Horrela, jendetasunezko eta goxotasunezko jendarte bat irabazteko parada dugu. Mugitzeak balio du, has gaitezen oraindanik!
Baionan, 2011ko ekainaren 5an,
Bizi !
(1) Zenbaki horien izugarrizko larritasunaz ongi ohartzeko, lehenik ongi ulertu behar da hemen 15°C-takoa den lurraren batez besteko tenperaturaz ari garela eta ez bizi ditugun tenperaturez. Zenbait gradu aski dira klima erregimenaren aldaketa erradikalaren eragiteko.Klimaren gaur egungo aldaketak (izotzen urtzea, muturreko gertakari klimatikoen ugaltzea, etab.) azken mendean ezagutu dugun 0,74°C-ko igotzearen ondorioak dira!
Horrela, azken izotz-arotik «hona» planetak ezagutu duen berotzea 5°C-takoa baizik ez da izan! Eta hori 10 000 urteko epe batez gertatu da eta ez 100 urtez gaur egun gerta daitekeen bezala GIECen iragarpenen arabera. 2°C-tako berotze apal batek zuen mamuten desagertzea eragin duela 15 000 urte inguru, hain zen izugarria klimaren eta ekosistemen aldaketa eta berotze horren iraupena 1 000 urtekoa izanez eta ez mende batekoa!
Hots, 4°C igotzea sekulakoa da planetarentzat eta 4°C igotzea mende batez, jendartea denetik geroz, sekulan gertatu den igotzerik haundiena litzateke.