Euskal Herria Burujabe 2023: urriaren 7 eta 8ko jakinaraziak diren lehen izenak

Urriaren 7 eta 8an, Euskal Herria Burujabe Baionako karriketan iraganen da, eta Euskal Herriaren metamorfosi ekologiko eta sozialerako bidean giltza-urrats berria izanen da. 10.000 lagun itxoinak diren ekitaldi honetara heltzeko kasik 100 egun falta direlarik, antolatzaileek pertsonalitate eta artisten lehen izenen zerrenda ezagutarazi dute.

Ostegun honetan, ekainaren 22an, Euskal Herria Burujabe 2023 antolakuntza taldeko 7 kidek prentsa aitzinekoa eman dute Baionan egitarauaren ildo nagusiak ezagutzera emateko eta lehen pertsonalitate  eta artista sorta baten berri emateko.

Klima-aldaketa gure biziak itzulipurdikatzen hasten delarik, erantzunak oraino osatugabeegiak eta ahulegiak dira kalteak aski mugatzeko esperantza atxikitzeko, maila globalean, Estatu mailan eta Euskal Herri mailan. Horren lekuko da Bizik 56 Herriko Etxerekin egin duen kargualdi-erdiko bilan-txostena,  bertan, agertzen delarik, beren neurri eta erritmoari dagokionez, plantan emanak diren ekintza eta aitzinatzeak ez direla oraino larrialdi ekologikoari buru egiteko heinekoak.  Krisiek, IPCC-k errepikaten dituen abisuek eta testuinguru ekonomiko zailak ez dute baikortasunera lerrarazten.

Hala ere, bere bizi-baldintzen jabe den Euskal Herri jasangarri eta solidario baten esperantza bizi da. Hobeki, egunero elikatua da, sortzen ari diren edo jadanik plantan diren lurraldeko hainbat iniziatibaren lanari esker. Iniziatiba hauen ekintza indartzen da Euskal Herriaren ikuspegi gero eta zehatzago eta koherenteagoarekin: Euskal Herria Burujabe lurralde proiektuarekin.

Urriaren 7 eta 8an, beraz, izen bereko ekitaldia iraganen da Baionako erdigunean ikuspegi hori helarazteko, ekiteko gogoa biderkatzeko eta biharko Euskal Herri eraldatua eraikitzeko. «2013 eta 2018ko Alternatiba ekitaldiak eta gero, Euskal Herriaren  metamorfosi ekologiko eta sozialerako bidean giltza-urrats berri bat eman nahi dugu», adierazi du Alexia Tosini ekitaldiko bozeramaileak.

40 hitzaldiz osaturiko egitarau batek tokiko hizlariak eta frantses Estatuko eta nazioarteko pertsonalitateak bilduko ditu haien analisiak edo esperientzia arrakastatsu eta inspiratzaileak partekatzeko, eta Euskal Herriko metamorfosia gauzatzeko aterabide berritzaileak irudikatzeko. Ezagutaraziak diren lehen izenak:

  • Timothée Parrique, ekonomian ikertzailea
  • Delphine Batho, Ekologia ministro ohia, diputatua
  • Cédric Herrou, laboraria, etorkinekin solidarioa
  • Lucie Pinson, Reclaim Finance-en sortzailea eta zuzendari orokorra
  • Marie Toussaint, eurodiputatua, Notre affaires à tous-en sortzaileetarikoa
  • Hervé le Treut, klimatologoa, AcclimaTerra eskualdeko batzorde zientifikoko presidentea
  • Jon Palais, Alternatiba eta ANV-COP21eko sortzaileetarikoa
  • Manon Aubry, eurodiputatua
  • Eric Piolle, Grenobleko auzapeza
  • Barbara Nicoloso, Virage Energie-ko zuzendaria

Beste pertsonalitate ainitzen berri emana izanen da irailean, egitarau osoa ezagutzera emanen delarik.

Kontzertuei dagokienez, Zea Mays rock taldearen presentzia segurtatua da urriaren 7an, larunbatarekin. Igande arratsean, Zoufris Maracasek gunea girotuko du munduko musikak eta harek idatziriko hitzak nahasiz kausitzen duen estilo bereziarekin. Beste artista eta DJak aitzin ikusiak dira besta giroko bi arrats horientzat.

Asteburu osoan zehar, karrika ikusgarriak,  sentsibilizazio tailerrak, formakuntzak, animazioak, bazkari herrikoiak, erakusketak, ostatuak, haurren xokoa ere ezagutzeko parada izanen da Baionako karriketan, familian edo lagunarte giroan.

500 laguntzailek segurtatuko dute Euskal Herria Burujabe 2023ren ongi iragaitea. Gaurtik goiti, izena emateko parada bada, ekitaldi honen antolaketan parte hartzeko ondoko hilabeteetan edo urriaren 7 eta 8an.

Interesatuek, hemen izena ematen ahal dute: https://bit.ly/benevole-ehb  

Bertsio inprimatua eskuragarri da Kordelierren karrikako 20., Baionan.

Informazio guzia: https://bizimugi.eu/eu/ehb2023