Maiatzaren Lehenaren karietara, manifestaldi bateratuak bildu ditu 6 500 sindikalista, klimaren aldeko militante, abertzale edo klimaren aldeko gazte, feminista, etorkinekin solidarioak diren pertsona eta Txaleko Hori Baionako karriketan. 2019Ko jende lerroa koloretsua eta bereziki animatua eta besta girokoa izan da.
Manifestaldiaren hasieratik soka tira berezi batek doinua emaiten zuen: Txaleko hori, sindikalisten kasula gorri edo Bizi! eta Alternatiba-ren tixerta berdeek osaturiko taldeak soka tiratzen zuen, noski, bataila galdu duten Macron-en bisaiadun sokadako aitzindari baten eta aberats talde baten kontra….
Pixkat hurrunago, Herriko Etxe baten aitzinalde bat zeraman Bizi!ren soinu sistemadun kamionean agertu da duela gutti Euskal Herrian deslotuak izan diren lehendakariaren potreta ofizialetarik bat. Benalla faltsu batek babesten zuen baina ez zuen lortzen saihestea txaleko hori eta tixerta berdedun zonbaitzuk haren deslotzea eta eramatea, Macron Lehendakariaren klima eta sozial arloko geldirik egotea gaitzesteko.
CGT, LAB, Bizi, Etorkinekin, M1 eta EBA-k izenpetu duten manifestaldi buruko banderolak «Elkarrekin, esplotazioaren kontra, jendarte eta ekologia aitzinamenduaren alde» zion. Haren atzetik 6 manifestari zutabek, 6 kolore ezberdinekin sinbolizatzen zituzten hainbat gai: gizarte gerizak, zerbitzu publikoen defentsa, klima, etorkinekin elkartasuna, gizon eta emazteen artean eskubideen berdintasuna, gazteria.
Manifestaldia bukatu da Baionako Merkatu Estali aitzinean bertan hitz hartze bateratu bat egin delarik eta elkarte herrixka bat antolatua zelarik. Bizik edantegi bat eta taloentzat mahai bat atxiki ditu horien etekinak Txaleko Horiei eskainiak izanen direlarik zaurituak eta isun edo jaukimendu ezberdinen biktimak direnekin elkartasunez.