Editoriala
Ikasturtea hasia da beraz. Ahoan gustu mingotsarekin eta oroitzapen atsegin gutirekin, uda lapurtu digutelako sentsazioan.
Batzuek, prefet berriak bezala, euskararen kontrako atzerako borrokan tematzen segitzen dute; beste batzuk hauteskunde-kanpainan sartzen dira, promes demagogikoak bata bestearen gainetik metatuz. Eta hori guzia, kanpoko harremanak eta kanpoko politikak aipatu gabe…
Horrenbeste ondorio deitoragarriren aitzinean etsitzeko arrazoirik bada, eta «deitoragarri» hitza ahula da!
Eta, halere, une hauetan da hain zuzen garrantzitsua berriz mobilizatzea, gainezka egiteraino itoarazten gaituzten oztopo horiei buru egiteko.
Horixe dizue proposatzen Bizik ikasturte hasiera honetan: guri juntatzea, beste gizarte-proiektu bat aitzina eramateko, gure lurraldean ekintza zehatzak gauzatzeko, intolerantziari eta alfer egoteari buru egiteko eta horiek salatzeko…
Beraz, ez ditzagun besoak jaitsi; altxa ditzagun, ozen eta tinko, gizarte justu eta arduratsuan bizitzeko esperantza aitzina eramateko.
Potreta : Hadrien – 44 urte – Biarritz
“Etortzen ari den munduaren aitzinean, iruditeria positibo eta desiragarriak sortu behar ditugu, elkartasun-sareak indartu, jakintzen trukea garatu eta elkarrekin amets egin … “

Duela urte eta erdi Bizin sartu nintzenetik, batez ere ekitaldien logistikan aritu naiz. Bereziki, beste bi lagunekin batera, Baionako bestetan Patxokiko kontzertuen antolakuntza kudeatu dut. Erronka handia izan da, eraikina desegina baitzen eta dena hutsetik asmatu behar izan baikenuen.
Paris inguruan hazia naiz, baina hamar urte eman ditut Katalunian; horrek biziki markatu nau, oso errotua eta bizia den hango kulturarekin. Independentziari buruzko erreferendumean, lurralde baten defentsan ari zen herritarren eta beren legeak inposatzen dituen gobernu zentralizatuaren arteko aldea biziki sentitu nuen. Mundua suntsitzen duten legeak direlarik bestalde.
Hemen Euskal Herrian bizi naizenetik, aurkitzen dudan espiritua hori bera da. Lehen ere beste leku batzuetan militante izana naiz baina maite dut hemen erroturiko jendearekin harremana izatea: asko ematen dute, eta, aldi berean, adeitasun handiz. Belaunaldien arteko dimentsio bat ere bada: jatorri eta ingurune ezberdinetako pertsonak xede komun baten inguruan elkartzen dira. Antolakuntza-mailan, dena txukun eta zehatz dago, baina betiere adeitasunez!
Grafismoan eta bideoan lan egiten dut. Artistentzat erronka ikaragarriak dira sorkuntzaren eta kontakizunen zabalkundearen inguruan. Etortzen ari den munduaren aitzinean, iruditeria positibo eta desiragarriak sortu behar ditugu, elkartasun-sareak indartu, jakintzen trukea garatu eta elkarrekin amets egin…
Kanpoko berri : 2026ko udaz oroit zaitez
Uda bukatzear den honetan, ez gaitezen 2026ko uda ahazten hasi haizegailua armairuan altxatu bezain laster. 2026ko urtarrilaren 1az geroztik, Ipar Euskal Herriak bero handiko sei pasarte izan ditu. Lehenik, maiatzaren bukaerakoa etorri zen, denak ustekabean harrapatu gintuena. Gure historiako beroaldi goiztiarrenaren aitzinean, gure agintariak ez ziren mailan izan. Are okerrago, beroaldiari buruzko prebentzio-kanpaina bat zabaltzea eragoztera ere iritsi ziren (iturria: Reporterre).
Ondotik, ekaineko beroaldia etorri zen, biziena, Frantziako Estatuan inoiz baino departamendu gehiagok alerta gorrian egon behar izan baitzuten. Gure hurbilekoen, haurren eta adinekoen aldeko kezka barneraino sartu zitzaigun. «Ura edan», gomendatu ziguten agintariek, gure patuaren erantzukizuna gure sorbalda izerditsuetara eramanez.
Hori guti balitz bezala, beste bi bero-bolada jasan genituen uztailean, eta beste bat agorrilean. Gero, milaka haur eskoletara eta ikastoletara itzultzen ari zirelarik, iraila merkurioaren seigarren igoera batekin hasi zen, bereziki hegoaldeko lurraldeak hunkitu zituena. Bilana latza da: 7.300 «gehiegizko heriotza» zenbatu dira uda honetan Frantziako Estatuan, beroaldi jarraituen garaian (iturria: Le Monde).
Beroaldiak, zalantzarik gabe, politikoak dira. Uda bukatzear den honetan, ez gaitezen 2026ko uda ahazten hasi haizegailua armairuan altxatu bezain laster. Aitzitik, balia dezagun gure indarrak biltzeko, Bizirekin borrokan segitzeko eta… klimaren aldeko martxara joateko, irailaren 26an, larunbatarekin, Baionan!

Bisita gidatua: Lurralde-laborategi baten zerbitzurako gunea
Beskoitzen den Leku Eder etxea, Robles Arangiz familiaren bizilekua, duela guti izen bereko institutuari utzi zitzaion oinordetzan. Eta orain, lurralde-laborategi baten zerbitzurako gune bilakatzen ari da. Beskoitzen den Leku Eder etxea, Robles Arangiz familiaren bizilekua, duela guti izen bereko institutuari utzi zitzaion oinordetzan (ikus Bizikutzu 63. zenbakia). Ordutik, laguntzaile frankok lan egin dute uda osoan, etxea prestatzeko, hemendik aitzina formakuntza- eta bilkura-gune iraunkor izan dadin.
Hondakin eta obra-hondar guziak atera eta hondakindegira joan-etorri franko egin ondoren, bilera-gela erabilgarria da jada: horma-igeltsuak berritu dira eta gunea egokitu da. Lehen formakuntza-ziklo batekin estreinatuko da, Txetx Etcheverryk gidatuta, formakuntza politikoaren inguruan.
Logelek, sukaldeek eta bulegoek osatzen dute ekipamendu nagusi hau.
Etxezainen lehen bizitegia ere bukatua da, eta lehen bizilagun iraunkorrei harrera egina die. Bigarrena urri hasieran bukatuko da.
Ondotik, harrera-gune zentralaren zorua osoki berrituko da, eta eremu osoa modu funtzionalean egokituko.
Lurrrak arrandatzen dituen laborariaren hiru zaldi ere bertan dira.
Obrak franko aitzinatuak badira ere, laguntzaileak beti ongietorriak dira berdeguneak eta bigarren etxebizitza egokitzen laguntzeko.
Leku Eder, beraz, lurralde-laborategi baten zerbitzurako gune bilakatzen ari da.
Egin dugu! Kolegioetako ikasleekin klimari buruzko eztabaida animatzea
Militantziarako sentsibilizazio-hazi ttipia, heldu engaiatuak eginen dituela esperantzan…
Seaskako kolegioek hainbat urteotan klima-aldaketari buruzko egun berezi bat antolatzen dute 4. mailako ikasleentzat, lurraldeko zenbait eragilerekin batera. Sentsibilizazio- eta hezkuntza-ekintzak Bizik bere gain hartzen dituen egitekoen parte dira.
Joan den maiatzaren 5ean, berriz ere hartan parte hartu genuen, besteak beste CPIE, EHLG, I-Ener, Water Family eta Lokala elkarteekin batera animazio bat proposatuz. Aurtengo gaia honakoa zen: Klima: gure ohidurak aldatu. Gazteek hainbat tailerretan parte hartzeko parada ukan zuten goizean, talde ttikietan, eta, ondotik, denak elkartu ziren Kanaldudek animaturiko saio batean.
Nerabeekin klima-aldaketari buruzko 20 minutuko saioak dinamizatzea erronka izan daiteke; horregatik, Biziren jardueretan oinarrituriko joko bat sortu genuen.
Norbanakoaren erantzukizunari garrantzi handia ematen dion inguruko diskurtso batean, horrek erruduntasun-sentsazioa eta etsipena eragin ditzakeelarik, gure helburua ekintza kolektiboaren garrantzia nabarmentzea izan da, eta kanpaina erradikal, pragmatiko eta ez-bortitzak nola antolatzen diren erakustea.
Militantziarako sentsibilizazio-hazi ttipia, heldu engaiatuak eginen dituela esperantzan….


Egutegia
Irailaren 26a, larunbatarekin 14:00
Klimaren aldeko martxa
Askatasunaren plazan – Baionan
Urriaren 7an, asteazkenarekin 19:00 – 21:00
Biziren hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako 20 – Baionan
Urriaren 12an, astelehenarekin 18:30 – 21:00
Begirale ekologikoen hilabeteroko bilkura
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako 20 – Baionan













