Microsoftetik libratzea… Linux erabiliz

2027ko urriaren 12an, Windows 10en eguneraketak eskaintzea geldituko du, Microsoftek mundu osoko 300 milioi ordenagailu inguru zikinontzira kondenatzen dituelarik. Xahuketa eta bidegabekeria horri buru egiteko, mobilizazio uhain bat antolatzen ari da ondoko hilabeteetan, lelo komun baten inguruan: Piratons Microsoft !

Munduan zehar gutienez 300 milioi ordenagailu ez dira Windows 11ra pasatzeko gai. 10 ordenagailutik 1 da egoera horretan Frantses Estatuan.

Ordenagailu horiek behar baino lehenago baztertuak izatera kondenatuak dira, oraino ere funtzionatzen dutelarik. Microsoft-ek, besterik gabe, Windows 10 sistema eragilea (ordenagailua funtzionarazten duten softwarea) eguneratzea gelditzea erabaki du. Gelditzea 2025eko urriaren 14tik indarrean da Microsoft kontu bati konektatua ez diren ordenagailuentzat. Erabiltzaileek hiru hautu izanen dituzte:

1. Windows 10 erabiltzen segitzea, ez baldin bada eguneratzen ere. Horrek segurtasun-akats garrantzitsuen aitzinean izate dakar (birusak, pirataketa…).
2. Ordenagailua aldatu eta Windows 11 duen berri bat erostea.
3. Edo, bestenaz… Ordenagailua Linuxera pasatzea, doako eta etikoa den sistema libre batera, biziki untsa funtzionatzen duena. Erregularki install party izeneko tailerrak antolatzen dira, aldaketa kausitzeko.

Hondamendi ekologikoa
Windows 10 duten ordenagailuak berriekin ordezkatzeak sekulako xahuketa ekarriko luke. Ikuspegi ekologikotik, hainbeste ordenagailu berri ekoizteak 58 milioi tona CO2 isurtzea ekarriko luke, hau da, Frantses Estatuko etxebizitzak urtebete eta lau hilabetez berotzearen parekoa; eta 26.000 Eiffel dorreen pisuaren baliokidea den lehengaien erauzketa.
Eta horri gehitu behar zaio bazterturiko ordenagailuen kopurua: hondakin-mendi erraldoia.

Bidegabekeria soziala
Zenbat pertsonak ez dute beren ordenagailua ordezkatzeko behar adina diru izanen? Beharturiko erosketa horrek bereziki egoera ahulenean diren pertsonei eragiten die, Frantses Estatuan pobrezia-mailak gora egiten segitzen duen bitartean, INSEEren arabera. Eta horrez gain, eragin handia izan dezake elkarte, eskola, ospitale eta tokiko erakundeengan ere, haiek ere beren ekipamendua berritu beharko baitute.

Logika kapitalista, zentzu onaren kontra
Microsoftek (beste GAFAMek bezala) kasik monopolioa du; ondorioz, erabiltzaileak enpresaren erabakien menpe gelditzen dira. Microsoften hautuak ahal bezain bat etekin handiena lortzeko bilaketak gidatzen ditu, eta gizarte- eta ingurumen-irizpideak bazterrean gelditzen dira. 2025ean, Microsoftek ia 87.000 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen.
Gure bizitzako beste esparru guzietan bezala (ikus Euskal Herria Burujabe proiektua), ekonomia ahal bezain bat jenderen behar eta nahien zerbitzura ezartzea aldarrikatzen dugu. Horrek azpiegitura digitalen gaineko kontrola berreskuratzea galdatzen du.

Alternatibak badira!
Berri ona: Microsoften eraginetik libratzea posible da. Alternatibak badira: software libreak, urririk, energia guti kontsumitzen dutenak, eraginkorrak eta pribatutasuna errespetatzen dutenak. Askatu gaitezen masiboki, gure ordenagailuak Linuxera pasatuz!
Ustez hala ez bada ere, praktikan, Linux erabiltzea ez da hain zaila. Badira oso intuitiboak diren bertsioak, eta gure ohituretan aldaketa guti galdatzen dutenak. Erregularki install party izeneko tailerrak antolatzen dira, pausoa konfiantzaz emateko eta prozesuan laguntza eskuratzteko.
Erakundeentzat ere posible da. Hainbat erakunde Linuxera pasatu dira jadanik. Besteak beste, frantses Estatuko Jendarmeria edo Lyon-eko Herriko Etxea eta DINUM-a (teknologia digitalaren arteko ministerioarteko zuzendaritza), baita pribatutasunaren errespetuarekin engaiaturiko hainbat enpresa eta elkarte ere.

Linuxek mundu osoko zerbitzarien %90 inguru ere ibilarazten ditu!

Beraz, hiru helburu uztartzen dira:
• Microsoften gaineko presioa egitea, enpresak bere praktikak alda ditzan (herritarren presioaren ondorioz, enpresak jada bi aldiz atzeratu du urtebetez Windows 10en laguntzaren bukaera!).
• Frantses Estatuko eta Europako lege-esparrua aldatzea, Microsoft bezalako erraldoi digitalen jarduera arautzeko eta mugatzeko.
• Linux eta software librearen mundua ezagutaraztea eta indartzea, gure banakako eta taldeko praktikak aldatuz eta horien alde lanean ari diren eragileei babesa emanez.

Ipar Euskal Herrian, hainbat eragile mobilizatzen ari dira eta urte osoan zehar install party-ak antolatzen dituzte,

Microsoftetik libratzen eta Linux erabiltzen laguntzeko:
• Collectif Social Web Baionan (4bis, Esplanade de Jouandin-en); urte osoan zehar hainbat tailer digital ere eskaintzen ditu.
• Sorgin Informatique Libre elkartea Uztaritzen.
• Konpon Txoko berrerabilpen-zentroa Baionan ( Pontots-en karrikako 15.).
• Lokala baliabide-zentroa Azkaraten (Learra ofizialeen-eremuan).

Ondoko install party-a Konpon Txokon izanen da, urriaren 15ean, ostegunez, 18:30ean. Izena hemen eman.

Linuxen ezagutzak badituzu, zure laguntza boluntarioa eskaintzen ahal diguzu, install party gehiago antolatzen laguntzeko.

Galdea bada!