Urtarrilaren 16az geroztik, laborantza mundua mobilizatzen ari da beren lanetik duintasunez bizitzen uzten ez dituen sistema ekonomiko honen kontra bere haserrea eta atsekabea adierazteko. Estatuak plantan eman aterabideek eta FNSEAk galdatutakoek hamarkadak daramatzate egoera gaizkitzen. Bizik laborariei atxikimendua adierazten die eta trantsizio agroekologiko justua, tokiko laborantza herrikoi eta hazkurri emailearentzat, laborantza munduarentzat eta ekosistementzat krisitik ateratzeko bidea dela baieztatzen du.
“Notre fin, c’est votre faim”. (“Gure bukatzea zuen gosetea”). Frantses Estatuko errepide garrantzitsuak blokeatzeko erabiltzen diren traktoreetan ikusten den lelo hau ezin da adierazgarriagoa izan. Laborariek jasaten duten prekarietatea, bidegabea eta onartezina da. Ez aski diru-sartze, lanaren iraupena eta gogortasuna, zentzu galtzea edo aitortza eza: zailtasunak anitz dira. Batzuek ingurumen-arauak akusatu nahi dituztenean, Bizik gogorarazten du metamorfosi agroekologiko zuzena dela aterabidea, ez arazoa.
Izan ere, laborantza-sektorea krisian zen maila guzietan, ingurumen-arauak heldu aitzin, hamarkadetan zehar krisia indartu eta elikatu duen sistema neoliberal batek eraginda. Lan-baldintza tamalgarriak eta 1950etik aitzina laborari kopuruaren etengabeko murrizketa logika produktibistaren ondorio zuzenak dira. Azken honek, laborariak gero eta gehiago ekoiztera, geroz eta gehiago inbertitzera, gero eta gehiago lan egitera bultzatzen ditu, eta, azken finean, laborantzako negozioa aberasten du eta ez aberastasun hori sortzen duten langileak. Horrek zerbaiti pentsarazten dizu? Logika berdina da jendarte kapitalistaren beste ataletan: beti gehiago ekoiztu beti pertsona berak aberasteko, sekulan jendeen edo planetaren mugak kontuan hartu gabe.
Klima-aldaketaren ondorio suntsitzaileak zehazki senditzen ari diren eta larritzen eta indartzen segituko duten mundu honetan, laborantza eredu jasangarriak, biodibertsitatea eta lurra zaintzen dituztenak eta laborari kopuruaren handitzea sustatzen dutenak dira hain zuzen ere erresilienteenak, krisi klimatiko eta ekonomikoei buru egiteko. Laborariak lehen lerroan dira, beren uztak jadanik hunkituak dira. Ingurumen-arauek, hala nola, 2020an onarturiko Europako Itun Berdearen ondoriozko aitzinatzeek, laborantzaren epe luzerako erresilientzia bermatzen dute eta laborantza arras meneko den ekosistemak babesten dituzte. Beharrezkoak dira.
Euskal Herria Burujabe lurralde proiektuan zehazten den bezala, premiazkoa da laborantza birtokiratua, errentagarria dena eta planetaren mugak errespetatzen dituena plantan ematea, merkeagoak diren eta giza eta baldintza sozial eta ekologiko tamalgarrietan ekoitzitako inportaturiko produktuen alde egiten duten merkataritza askeko itunetarik urrun.
Sustenga ditzagun laborariak: pertsonak, eta, beraz, planeta, irabazien aitzinetik ezartzen dituen laborantza sistemaren alde!