Bizi ! mugimenduko 11 kide arrastatuak Pauen, AHTaren aurkako ekintza baten karietarat

Astearte honetan, urriaren 23an, goizeko 10k30tan, Bizi! euskal mugimendu altermundialistako 18 kidek ekintza ikusgarri bat burutu dute Pauen (64), Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak AHT berriaren Tours-Bordale zatiaren diruztatzearen alde hartu duen erabakia salatzeko. Bizi!ko ekintzalarietarik 11 arrastatuak izan dira eta orain bertan Paueko komisaldegian dira.

Ekintza hau, Bordale-Hendaia AHT berriaren kontra eta existitzen diren treinbideen berritzearen alde, urriaren 27an larunbatez Baionan 15:00etan antolatua den manifestaldia baino zonbait egun lehenago egina izan da.

Goizeko 10k30tan, Bizi!-ren militante bat Georges Labazée sozializta lehendakari duen Kontseilu Orokorraren egoitzaren parean den zuhaitz batetarat igan da eta «Deusetako ez diren eta inposatuak diren proiektu erraldoiei ez ! » zioen banderola bat zintzilikatu du.

Ber momentoan, militante talde batek lortu du Paueko instituzioaren eraikuntza nagusiko teilatu batetarat heltzea eta haietarik hiruk lortu dute bertatik jeustea «rappel» eginez.

Orduan, momentoan berean agertu den Segurtasun Zerbitzua teilatuan ziren Bizi !ko kideen gana hurbildu da eta soka tiran arizanez zaindariek urratu dute «Kontseilu Orokorra : 80 milioi Tours-Bordale AHT treinbidearentzat ! Autobus gehiago nahi dugu, ez AHT ! Manif Baionan urriaren 27an» zioen eta Kontseilu Orokorreko egoitzaren aintzinaldean idekia izaitekotan zen banderola erraldoia.

Komunikatuaren jarraipena eta argazki gehiago ukaiteko, klika hemen segidan:

[:]

Anartean, beste militante batzuek eskuorriak (ikus hemen loturik) banatzen zizkieten eguerdi arte iraun duen ikuskizun berezi horri harriturik so zauden jendeei. Tenore hortan poliziak, su hiltzaileen eskailera haundiaren laguntzarekin banaka banaka jeutsi arazi dituzte Bizi!ko aktibistak egoitzako paretatik eta arbolatik.

Marie Erramouspé, Bizi!-ren bozeremailearen arabera, Pirineo Atlantikoetako zerga ordaintzaileen dirua askoz hobeki baliatua izaiten ahal litzateke «autoari eguneroko alternatibak diruztatuz, beroketa klimatikoa borrokatzeko eta erregaien prezioen emendaketa mekanikoaren aintzinean diru guttien dutenen laguntzeko. Autobus gehiago, hurbileko trein gehiago, merkantzien trein-garraioen desmuntaketaren gelditzea, txirrindula bide segurtatu gehiago nahi dugu ; AHT-rik ez !.

Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokor sozialistak, Tours-Bordale zati hori diruztatuz, Vinci-ren sakelak besterik ez ditu beteko, hura baita plantan ezarria izan den publiko-pribatu partaidetzaren (PPP) irabaztun nagusia. Toki mailan, dena bidetik garraiatzeari eguneroko alternatibak garatzeko baliabide eskasak ikusiz, egiazko eskandalua da ! ».