Bizi ekonomikoaren sinplifikazioari buruzko legea: ofentsiba antiekologikoa

Bizi! elkarteak frantses Estatuko lege biltzarrean aztertua izaiten ari den bizi ekonomikoa errexteko lege proiektuarekiko sumindura erakusten du.  Lege-proiektu hau ingurumenaren babestearentzat, bizi demokratikoarentzat eta herritarren parte-hartzearentzat arriskutsua da. Besterik gabe, interes ekonomikoak eta industrialak ororen gainetik ezartzean datza, eta eskuinaren eta eskuin muturraren ekologiaren kontrako ofentsiba jarraitzen du.

Bizi ekonomikoa sinplifikatzeko lege proiektua kezkagarria da ingurumenaren babesari eta demokraziari dagokionez. Duela ia urtebete aurkezturiko lege proposamena frantses legebiltzarrean aztertzen ari dira apirilaren 30a arte.

Proiektu honek jadanik diren prozedurak eta sistemak arintzea du helburu. Gaur egun, batzorde horietako batzuk proiektuak eta ingurumen-inpaktua ebaluatzeko zeregina betetzen dute. Herri Eztabaidarako Batzorde Nazionala bezalako erakundeek ere kontsulta-eginkizuna dute herritarrekin eztabaidatzeko eta gaur egungo proiektuen eta horien ondorioen berri emateko. Haien desagerpenarekin, eztabaida demokratikoa pobretu da eta kontrako botereak ahulduko dira.

Adibide gisa, aipa dezagun industria-proiektu handientzat Herri Eztabaidarako Batzorde Nazionalaren (CNDParen) aitzinetikako kontsultaren egiteko betebeharraren kentzea; ZFEn arloan atzerapausoa sistema sozialki bidezkoa izan dadin bilatu gabe; edo 2021ean onarturiko Klima eta Erresilientzia Legearen zinezko aitzinatze bakanetako bat izan zen “Zero Artifizializazio Garbi”aren  helburuen ahultzea

Eskuinak eta eskuin muturrak aitzineko eztabaidetan ere galdatu zuten Ademe, Frantziako Biodibertsitate Bulegoa eta Klimaren Goi Kontseilua bezalako erakundeak kentzeko, beharrik arrakastarik gabe.

Proposaturiko emendakin batzuek eragina izanen dute Euskal Herri burujabe eta iraunkor baten aldeko borroketan. Herritarren kontsultak tresnak dira E-CHO edo Mugerreko Hezegunearen artifizializazioa bezalako proiektuei buru egiteko. Neurri horiek gabe, Ipar Euskal Herriko herritarren ahotsak isilaraziak izateko arriskua dute.

Miliarrak gastatu ondoren, neholako baldintzarik gabe, enpresa handiak erreskatatzeko, austeritatea aitzinatze ekologikoaren suntsiketa justifikatzeko aitzakia bilakatu da. Hazkunde ekonomikoa, berriz ere, baliosa den iparrorratz bakartzat jotzen da, aberastasuna partekatu beharrean, biztanleria osoarentzat bizimolde iraunkor eta duinak bermatzeko.

Eskuineko eta eskuin muturreko ofentsiba antiekologiko handi baten lekuko gira eta lege-proiektu hau horren zutabe bat da. Klima aldaketa mugatzearen arloan hainbat urtez aitzinamenduak lortu ondoren, nahiz eta eskasak izan, alderdi hauek atzera egiteko presaka dabiltza. Klase aberatsen eta enpresa handien interesen kontrako edozein neurri arbuiatzen dute, egungo eta etorkizuneko belaunaldiei bizi-baldintza duinak bermatzeko orduan ere.

Ipar Euskal Herriko hiru legebiltzarkideei dei egiten diegu atzerapauso ekologiko eta demokratiko horien kontra bozkatzeko, herritarren eskubideak eta bizi baldintzak bermatzeko.