Hautetsiek beren agintaldia gauzatzeko formakuntzarako eskubidea badute. Tokiko hautetsiek eskumen anitz gauzatzeko beharra dutenez eta aitzinekorik gabeko konplexutasuneko erronkei buru egin behar dutenez, gero eta ahots gehiago altxatzen dira formakuntza hau eraginkorra eta egungo erronka ekologikoetara egokitua izan dadila galdatzeko.
Edozein hautetsik formakuntzarako diru-laguntzak bere kolektibitateari galda diezazkioke: Herriko Etxeari edo Herriarteko Lankidetzarako Erakunde Publikoari (Euskal Elkargoari edo Sindikatu Mistoei). Formakuntzagaldea ukan duen kolektibitateak ezin dio uko egin, salbu jurisprudentziak zorrotz arauturiko kasuetan (formakuntza-erakundearen onespenik eza edo agintaldiko bete beharrekiko loturarik ez izatea, edo kolektibitateak formakuntzarako duen aurrekontuaren gainditzea).
Tokiko hautetsien formakuntzarako eskubidea kolektibitateak bermatu behar duenez…nahitaezko gastua da. Kolektibitate batek, beraz, ezin dio hautetsi baten formakuntza galdeari uko egin formakuntzak gastu publikoari dagozkion izapideak betez gero. Hautetsien formakuntzarako aurreikusi aitzinkontua ezingo da izan eztabaida-organoko kideen gehieneko zerbitzu-hornidura teorikoen zenbateko osoaren % 2an ezarritako gutienekoa baino ttipiagoa (eta % 20ko sabaia baino handiagoa).
Langile izaera badute, tokiko hautetsiek beren enplegatzaileari geldialdia galda diezaiokete formakuntza-ekintzen onuradun izateko. Geldialdi hori hemezortzi egunekoa da hautetsika, bere agintaldiaren iraupen osoan. Formakuntza geldialdiaren onura Barne Ministerioak onartutako erakunde batean formakuntza-saio bat jarraitzeko da.
Hautetsiak gutienez hogeita hamar egun lehenago jakinarazi beharko dio bere enplegatzaileari (edo funtzionario publikoa bada, bere agintari hierarkikoari) idatziz, aurreikusten den absentziaren data eta iraupena zehaztuz, bai eta ikastaroaren edo saioaren ardura duen erakundearen izena ere. Enplegatzaileak eskaera hori lortu duela jakinarazi behar dio hautetsiari. Ikastaldi edo saioak hasi baino hamabost egun lehenago berantenik ez bada erantzun formalik lortu, geldialdia baimendua dela kontsideratuko da.
Erronka ekologikoaren aitzinean, tokiko hogeita hamar baino gehiago hautetsik salatu dute, Courrier des Maires-i zuzenduriko zutabe batean, eskuko dituzten formakuntza-ikastaroak zaharkituak direla: “Trantsizio ekologikoaren nahitaezko beharrak tokiko mailari dagokion ardura oraino gehiago indartzen du Ez gaitezen beldur izan erratera: trantsizio ekologikoaren erronkei buru egiteko, formakuntza behar dugu. Ber maneran, leku ezberdinetako hainbat tokiko hautetsi bilduko dituzten formakuntza saioetarako deia luzatzen dute, zailtasunak eta praktika onak partekatzeko aukera ematen duten saioak.
Hautetsi zirezten guziei, Bizik, hain zuzen, horrelako formakuntza-ziklo bat proposatzen dizue, Ipar Euskal Herriko Metamorfosi Ekologikoaren Itunaren neurriak plantan ezartzen laguntzeko. Ez duda, eta izena eman!
Begirale ekologikoei juntatzeko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, klika gustian hemen edo sar zaitez gurekin harremanetan hitzahitz@bizimugi.eu helbide elektronikoan informazio gehiago lortzeko.