TXALO 👍 Makea & Lekorne

Makea eta Lekorne herriek beren eskoletako haurren plateren zinezko eraldaketa hasia dute. Burasoen iniziatibari eta Lekorneko Herriko etxearen etengabeko laguntzari esker, jantegi biologikoa sortu zuten 2018an. Sukaldari berria animalia proteina murrizteko lanetan ari da, tokiko fruitu eta barazki biologikoak faboratuz. Elikagaien hondarkin kopurua haur bakoitzeko 20 g-ra pasatu da ere, frantses Estatuko batez bestekoa 120 g-koa delarik. Eredugarria!

Sukaldeak Makea eta Lekorneko ikastetxe publikoak, Baigura ikastola eta Luhusoko haurtzaindegia hornitzen ditu. Jakiaren kalitatea ez zelako haurren gustukoa, burasoak –eskola publikoko eta ikastolakoak– elkartu dira hautetsiak galdekatzeko, haurren janaria hobetzeko, tokian ekoizteko eta janari ekologikoa erosteko.

Hautetsiek eskaerari erantzun eta Lekorneko herriko etxeak bilkura publiko batzuk antolatu ditu, eta horietan burasoek eta hautetsiek elkarrekin proiektua landu ahal izan dute.

BLE elkarteak (Biharko Lurraren Elkartea) erabat babestu du egitasmoa, honek laborantza autonomoa, aurreztailea, ekologikoa eta solidarioa Euskal Herrian bultzatzen du. Barazki gordinak Garroako baratze kooperatibatik edo Francis Larrearen etxaldetik (Lekorne) datoz, haragia Axuria kooperatibatik (Maule) eta jogurtak Dubois familiatik (Lekorne), eginahalaz etxalde ttikiko laborantzaren produktuak lehenetsiz.

Horretan ari den sukaldaria, Aurélien Boisserie, iraultza ttiki horretan bete-betean sartua da, eta zalantzarik gabe haurrei bere grina transmititzen die. Aldizka lekaleekin egindako platerak eskaintzen ditu: haurrentzako errezeta gozoak egiten ditu. Zerbitzaturiko 20 apairuetatik, 6 begetarianoak dira eta, udalerri gehienetan ez bezala, gutitan zerbitzatzen da animalia-haragidun sarrera bat menu bereko plater nagusian jadanik eskaintzen bada. Makea eta Lekorneko kantina Euskal Herrian proteinen egiazko dibertsifikazioa ezarri duen bakarretakoa da, animalia-proteinen kopurua gutxituz eta landare-proteinena handituz.

Hala ere, helburu hori duen urte anitzeko ekintza-plan bat nahitaezkoa da 2019tik landa, eguneko 200 otordu baino gehiago zerbitzatzen dituzten jatetxeentzat, EGAlim legearen arabera. Osasunerako eta klimarako ona da, eta dibertsifikazio horrek – janari-hondakinak murriztearekin batera – dirua aurrezten laguntzen du, menuen zati haundiagoa bio eta tokikoa izan dadin erabil daitekeena.

Begirale ekologikoekin bat egiteko eta lurraldearen metamorfosian parte hartzeko, egin klik hemen edo xehetasun gehiagorentzat gurekin harremanetan sartu posta elektroniko bidez hitzahitz@bizimugi.eu helbidean.