Han eta hemen, ez dugu amore emanen!
AEBek baieztatu berri dute Pariseko Hitzarmenaren ukapena. Erabaki honek, bere kargu hartzearen ondoren Dolnald Trumpek harturiko neurriek – klimaren aurkako zinezko krimenak – marrazten zuten politika ofizializatu baizik ez du egiten.
Adierazgailu guziak zona gorrian daudelarik, eta Pariseko Hitzarmenaren ahultasunek – edukien eskastasuna eta hitzarturikoa bete ezean zigor eza – jadanik klima arrisku larrian ezartzen zutelarik, Estatu Batuen aintzinakako ihesa oso seinale txarra da, eta erantzun indartsuenak eman behar dira bai nazioarte mailan baita lurralde bakoitzaren mailan ere.
Garapenarako Nazio Batuen Programak (GNBP, erderaz PNUD) klima aldaketaren aurkako ekimen eraginkorren %50tik %80rat tokiko mailan daudela dio. AEBetako estatu eta hiri ainitzek ongi ulertu dute eta atzo berean Donald Trumpen norabide kriminalaren aurka joateko asmoa dutela adierazi dute.
Bizi mugimenduak bere aldetik bi ardatzetan lan egiteko asmoa du :
- maila globalean (Estatuek harturiko hitzarmenen eskastasunaren aurkako kanpainak ; kliman eta trantsizio ekologikoan multinazionalek eta banku haundiek dituzten politika zehatzetan presioak) klima justiziaren aldeko nazioarteko mugimenduaren indartzean parte hartuz. « Irrintzina, klima belaunaldiaren oihua » titulua duen filma laster ikusgai izanen da zinema geletan (ekaina hasieran lehe 6 aitzin agerraldiekin, Hendaiatik Maulerat). Preseski Bizi!k daraman lanaren alde hori erakusten du.
- tokiko mailan, Sustraiak eta Hegalak titulua duen bide orri bat sortu du, 2020ri begira egiazko plan estrategikoa, eta kidetze kanpaina bat bultzatuko du bere lana indartzeko asmoarekin.
Bizi!k prentsaurreko bat eginen du ekainaren 7 hontan asteazkenarekin 10:30etan Manu Robles-Arangiz fundazioko lokalean Baionan.
Bertan aurkeztuko dugu heldu diren 4 urteetarako bide orria, Bizi!ren egintza eta funtzionamenduan aldaketa garrantzitsuak dituena; ekaina hontan Lapurdi Baxenabar eta Xiberuan bultzatzen dugun kidetze kanpaina; eta ekainako bigarren astean Euskal Herriko 6 zinema geletan lehen-aurrekoan aterako den Irrintzina filma.