2013ko urriaren 6an, Alternatibak, aldaketa klimatikoaren aurkako alternatiben herrixkak, 12 000 pertsona elgarretaratzen zituen Baionan. Alternatiba eguna Christiane Hessel Andereak irakurri zuen Manifestu batekin bururatzen zen, non COP21aren perspektiban, hots Parisen 2015 urte undarrean iraganen den Nazio Batuen Erakundearen Gailur Klimatiko inportantearen perspektiban, deia zabaldua zen 10, 100, 1000 Alternatiba herrixken sortzerat Europa mailan.
Arrakasta honek sortu du zinezko dinamika bat zeren jada hogoi bat Alternatiba prestatzen hasi dira Frantzian, Belgikan, Suizan, etab. Larunbata honetan, otsailaren 22an, Nantes-en sortuko da Alternatiba herrixken Koordinaketa bat. Koordinaketa horrek prozesuaren jarraipena kudeatuko du. Lehen koordinazio bilkura honetan jada beren parte hartzea baieztatu dute Baionako, Donibane Lohitzuneko, Paueko, Okzitaniako Tolosako, Bordaleko, Ile-de-France, Pontivy, Saint-Nolff, Nantes, Rennes, Caen, Yonne, Lot, Landes, Puy-de-Dôme, Meurthe-et-Moselle, Lille, Genève eta Tahiti-ko ordezkari batzuk.
Bestalde, astearte honetan, otsailaren 18an, Parisen, Quai d’Orsay edo Kanpo Harremanetarako Ministeritzan, Laurent Fabius, Pascal Canfin eta Philippe Martin ministroek hainbat erakunde, Bizi! barne zelarik, errezebitu dituzte, Alternatiba prozesuarentzat, COP21aren prestaketaren karietarat, jendarte zibilarekin antolatua zen lehen elkar aditze bilkuran. Horrelako elkarrizketa baliabidea, Laurent Fabius ministroaren hitzetan, iraunkortasunean sartzeko xedea bada, eta ondorioz, datorren topaketak behar luke finkatua izan apirila undarrean edo maiatza hastapenean, GIEC / KAGAT edo Klima aldaketari buruzko gobernuarteko aditu taldearen 5. Txostenaren bigarren partearen argitaratzetik landa.