Azaroaren 7ko asteartean, Ostiako lau militante atxilotu zituzten goizean goizik, Marieniako laborantza lurren babesaren aldeko borrokaren karietara, Angeluko Bouygues immobilier agentzian ekintza sinboliko eta ez bortitz batean parte hartzeagatik.
Bizik erabilitako baliabideak salatzen ditu –etxean berean atxilotzea goizeko 06:00etan eta 9 oreneko atxilo aldia, hau 2022ko abenduan gertaturiko ekintza batengatik – eta elkartasuna berresten die militanteei.
Frantziako Estatuan mugimendu ekologisten kontrako errepresioa areagotzen ari
Eskala zabalagoan, gehiegizko jarrerak, larderia eta neutralizazio borondatea nabari dira Frantziako Estatuan.Bi adibidek hori gogorarazi digute aste berean.
Azaroaren 6ko astelehenean, Greenpeaceko ekintzaile talde bat atxilotu zuten Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren aitzinean egin ekintzaren karietara (hau Traizio Energetikorako Ministerioa izendatu zuten orduan). Aktibistek 48 orduko atxilo aldia bizi izan zuten eta nehoiz ikusi ez ziren askatasun murrizketak jasan zituzten lehen aldikotz, ekintza modu arruntak izan arren.
Aste honek 2021ean onarturiko Separatismo legearen zinezko eremua ere agerian utzi digu. Azaroaren 9ko ostegunean, Lurraren Altxamenduen desegitea ezeztatua izan zen, erabaki garrantzitsua eta Barne ministroarentzat gaitzespena. Haatik, kezkagarriak dira Estatu Kontseiluaren motibazioak: orain ontasun materialen suntsiketa praktikatzen duten elkarteak desegiteko aukera zabaltzen dute, baldin eta suntsiketak garrantzi aski handia badu elkartearen desegitea proportzionala izan dadin…
Eta anartean…
Frantziako Estatua, berriz, bi aldiz kondenatua izan zen 2021ean, klimari dagokionez alfer egoteagatik, eta oraindik ez dirudi bitartekoak jarriko dituenik berotegi-efektuko gasen murrizketaren ibilbidea errespetatzeko.
Ipar Euskal Herrian, zenbait urteotan auzapez batzuek ingurumen kodeko L228-2 artikulua urratzen dute batere gaztigurik gabe, errepideen berritzeetan baitezpadako bizikleta bideak ez egiteagatik. Autoaren baztertzea anitz gibelatzen duten lege urratzeak dira, euskal kostaldean berotegi-efektuko gas isurien lehen arrazoia delarik.
Bere aldetik, Fabrice Rosay suprefetak, maiatzean berarekin topo egin genuenean iragarri zigun ez zuela lege artikulu horren betetzea kontrolatu nahi. Lanpetuegia zela beste batzuk errespetarazte lanetan, eta hau ez litzatekeela lehentasunezkoa… Legea betetzea, bai, baina geometria aldakorrean.
Alde batetik, mugimendu ekologistekilako gogortasun handiena; bestetik, hautetsiekilako bihozberatasun handiena. Zaila da hori ez ikustea, larrialdi ekologikoa gero eta nabarmenagoa delarik.
Testuinguru horretan, Bizi!-k zilegitasunaren zentzuan lan egiteko erabakia berresten du, lege bidegabeei botizkeriarik gabe desobedituz bada ere, eta eskubideen eta askatasunen errespetua bermatzeko beharra oroitarazten du, bereziki elkarteen askatasunarena.