Mugikortasunak: Baionako Suprefetak Bizi!, legea eta klima promenatzera bidaltzen ditu

2023ko maiatzaren 24an, asteazkenarekin, Biziko hainbat militantek Fabrice Rosay jauna, Baionako Suprefeta, topatu dute, baita bere bi kolaboratzaile ere. Bilkura hau Biziren Garraiobide Alternatiboen Aldeko lantaldeak galdatzen zuen 2020az geroztik hainbat gutun eta abisuren bidez, harekin Ingurumen Kodearen L228-2 artikuluaren ez-betetze ia sistematikoaz eztabaidatzeko helburuarekin. Suprefetaren erantzunak negatiboak eta kezkagarriak badira ere, Bizik ez du legearen errespetuaren aldeko borroka hau alde batera uzteko asmorik.

Badira hilabeteak Bizik azpimarratzen duela Ipar Euskal Herrian mugikortasun eztien garapenean prefetura-agintaritzak izan dezakeen eginkizuna, Ipar Euskal Herriko kolektibitateek, elkarteak askotan erakutsi duen maneran, ia sistematikoki urratzen duten lege honen aplikazioa kontrolatuz. Oroigarri gisa, kolektibitateen egintzen legezkotasuna kontrolatzea prefetura-agintaritzaren eginkizunetako bat da.

Lehen ezustekoa, lege-artikulu hau betetzea ez dirudi ezinbestekoa denik suprefetaren aburuz. Izan ere, Rosay jaunak iradoki zuen elkarrizketa honetan “konpentsazio” molde bat aski zela: bizikletaren antolaketa zaila den errepide batean Herriko Etxe batek L228-2-a ez badu errespetatzen, baina beste leku batean bizikleta antolaketa bat egiten badu, orduan erraiten ahal da  konpentsatzen duela! Praktika hauek eragindako arazo eta gehiegikerietaz harago (bizikleta bideen arteko lotura/jarraipen eskasa, ardatz ttipi  eta ez egiturazkoetan kasik nehork erabiltzeko gisan diren bizikleta bideen egitea, etab.), hori ez da legeak dioena. Suprefetak berak legea saihestea proposatzen badu, nola espero dezakegu kolektibitateek errespetatuko dutela azken hau?

Biziren eskaera, artikulu honen aplikazioa kontrolatzea, urraketa agerikoa eta publikoa denean behintzat, errefusatu du Fabrice Rosayk, ezin duela dena lehenetsi erranez: Estatuak, beraz, besterik gabe, ez luke bere legeen betearazpena kontrolatzeko gaitasunik. Ahultasunaren edo borondate politiko ezaren onarpen larria?

Lilas Dinclaux, Biziko bozeramailearentzat, “Argi da, borondate politiko falta onartezina dela. Estatuak hala nahi duenean, prefetura-agintaritza  arras gai da kolektibitateen jarduna kontrolatzeko, adibidez, 2006 eta 2009(*) urteen artean Euskal Herriko Laborantza Ganbararen kontrako kontrol eta epaiketek (kasu horretan abusuzkoak) erakutsi duten bezala. L228-2. artikuluaren urraketari buruz  Estatuak bere ardurak segurtatu behar didtu eta sistematikoki jokatu behar du ingurumen-zuzenbidearen lorpen ttipien babesteko.

Beraz, Bizik galdegin dakolarik gutienez kolektibitateei lege-artikulu honen existentzia ezagutarazten ahal zienez, Suprefetak erantzun dio berdin, parada balitz, prefetarekin ikus zezakeela L228-2-ri buruzko hitzño bat gehitzeko okasionea,  besteak beste, kolektibitateei bidaltzen dien zirkular baten karietara: hobe du klimak bere ber kalmatzea! Eta legea urratzen duten auzapezek, lasai lo egiten segitzen ahal dute.

 Bizi! elkarteak arazo handiago bat ere adierazten du: Frantses Estatuan ingurumen-zuzenbidearen aplikazio oso eskasa, duela guti François Molins Kasazio Auzitegiko Fiskal Nagusiak zuzendutako txosten batek nabarmendu duena, bertan zinez argi ageri direlarik “aitzinean emanak diren politiken asmo globalaren eta haien zehazki obratzeko xedearen eskasak”.

Lilas Dinclauxek bururatu du: «Informatu, kontrolatu, beharrez zigortu behar bada: lege-artikulu honetan, suprefetak huts egiten du bere eginkizun guzietan. Bi urte behar izan ditiu gure errezebitzeko eta azkenean engaiamendu izpirik  ez hartzeko!».

Erantzun hauek ikusita, Biziren militanteek prefetura-agintaritzari presioa ematen segituko dutela segurtatu dute, baina baita legea hausten duten kolektibitateei ere, Ipar Euskal Herrian antolaketa  politiken trantsizioa behin betiko gauza dadin.

(*) Botere publiko  eta administrazioetaz Euskal Herriko Laborantza Ganbararen jazarpenaren liburu beltza – Elkarte askatasunaren kontrako eraso baten kronika; EHLG kolektiboa