Moda lasterra geldi! Konpon Txoko eta Bizik Ipar Euskal Herriko senatariak galdekatzen dituzte

Ostiral honetan, martxoaren 14an, Konpon Txoko birziklategiak eta Bizik eskutitz bat bidali diote lurraldeko senatari bakoitzari ehungintzaren ingurumen-inpaktuaren kontrako lege proposamena Senatuko agendan sartzea galdatzeko. Ehungintzaren ingurumen-inpaktuaren kontrako lege proiektua, hain zuzen, Senatuan blokeatuta da Diputatu Biltzarrean lehen irakurketan onartua izan delarik duela urte bat. Ekimen hau frantses Estatuko “Stop fast fashion – Moda lasterra geldi” mobilizazio baten parte da.

Agortzen ari den kontsumo eredua

Urtero,  150 miliar arropa ekoizten dira mundu osoan, berotegi-efektuko gasen isurien %10-a ordezkatuz. Gehiegizko produkzio honek kutsadura masiboa ez ezik, giza eskubideen urraketak ere eragiten ditu, hala nola bortxazko lana eta baldintza ahalkegarriak. Frantses Estatuan, 2022an, 3,3 miliar arropa salduak izan dira, hau da, 48 arropa urtean biztanleka. “Alta, Parisko Akordioa errespetatzeko eta beroketa 1,5°C-ra mugatzeko, biztanleka  5 arropa berri izan beharko genituzke gehienik urtean!» azaltzen du Bizi! elkarteko Elise Robert-Loudettek.

Behaketa kezkagarri honen aitzinean, 2024ko martxoaren 14an Diputatu Biltzarrean onarturiko legeak moda lasterraren publizitatea debekatzea eta produktu berrientzat bonus/malus sistema bat proposatzen du. Hala ere, urtebete berantago, aitzinatze hori blokatua da Senatuan eta mobilizazio herritar eta politikorik gabe  arriskua badu sekulan ez aitzinera joatea.

Senatariei legea laguntzeko deia

Ostiral honetan, martxoaren 14an, hamar sare inguru (Emmaüs, Amis de la Terre, Zero Waste, Réseau national des Ressourceries et Recycleries…) frantses Estatu osoan mobilizatu dira politikariak galdekatzeko eta ezinbesteko lege hau aztertzea galdatzeko. Tokiko mailan, Konpon Txoko eta Bizik  gutun bat bidali die Ipar Euskal Herriko senatariei –Max Brisson, Denise Saint-Pé eta Frédérique Espagnac-i– testu hori Senatuko agendan sar zezaten galdatzeko.

Bestela kontsumitu, hitzordua Konpon Txokon moda iraunkorraren alde

Moda lasterrari buru egiteko molde hoberena berrerabilpenari eta bigarren eskukoari lehentasuna ematea da, baliabide dendetan erosiz. “Konpon Txokon erosiz, jantziei bigarren bizia emanez, gure karbono aztarna murrizten dugu, tokiko enplegua sortzen duen ekonomia zirkular eta inklusibo baten alde egiten dugu, eta ehungintzako gainprodukzioa eta horren ondorioz sortzen den kutsaduraren kontra borrokatzen gira” azaldu du Evelyna Dreiseitlovak Konpon Txokoko laguntzaileak.

Martxoaren 29an, larunbat arratsaldez, Konpon Txokok “braderia” antolatzen du: birziklategiko bigarren eskuko arropa sorta berria ezagutzeko parada ezin hobea.

Bizi! eta Konpon Txoko