Maiatzaren Lehena Baionan : Desfile koloretsua, faxismoaren eta diruaren erreinuaren kontra

Kasik 600 pertsonek osatu duten jende lerro koloretsu batean, euripean, desfilatu dute «faxismoaren eta diruaren erreinuaren kontra» Bizi! mugimendu altermundialistak deiturik, Baionako karriketan Maiatzaren Leheneko usaiako desfilearen karietara.

Kolore biziekin jantziak ziren manifestariek tindaturiko maskarak edo kolorezko oihal zati luze batzu zeramatzaten. Jende lerro bereziki dinamikoak arrazismoaren, faxismoaren eta kapitalismoaren kontrako kolore guzien batasuna irudikatzen zuen Negu Gorriak-en kantu famatua “Kolore bizia, arrazakeriaren kontra, kolore guztiak faxismoaren kontra” entzuten zen desfilean bai eta ere lema ezberdin frango «Euskal Herriak Front National-a pikutarat», «Ez dira paperik gabekoak, ez dira etorkinak jendartearen errekaratzearen arduradunak, kapitalismoa da!», “Ez, ez, ez, faxismoarik ez !”, “Le Pen, faxista, joan hadi hemendik!”.

Hainbat banderola eta pankartek biziki salatzen zuten FNa deusetan amore eman gabe borrokatu behar den etsaia bezala. Baina Emmanuel Macron ere ez zen gupidetsia, bai eta ere Front National-a elikatzen dituzten politika anti-sozialak.

Elkartasuna, banderoletan lemetan bezainbat agertu den lema izan da. Mobilizazio mezu premiatsu gisa agerian zen. Elkartasuna baztertuekin, diskriminatuekin, nekezian direnekin, ahots gabekoekin, natura eta geroko belaunaldiekin, eta molde bereziki azpimarratu batean errefuxiatuekin. Banderola handi batean “Bienvenue aux migrants” lemak oihartzuna egiten zien, Hego Euskal Herrian molde masiboan egiten ari den bezala Bizi!k leihoetan ezartzerat deitu duen eta manifan kopuru handian ageri ziren “Ongi etorri errefuxiatuak” banderei.

Bizi!ren desfilea Plaza Patxan bukatu da hitza hartze batekin non sekulan baino gehiago mobilizaziorako deia luzatu den « faxismoaren eta ere gure jendarteak, klima eta ingurumena suntsitzen dituzten eta faxismoaren aintzinamendua ahalbidetzen duten politiken kontra».