Klimaren zanpatzaileak ez dira ongi etorriak Euskal Herrirat !

Bizi!k Jean-Marc Ayrault Lehen Ministroaren
Biarritzeko etorrera dela eta, manifestatzera deitzen du!

Bizi! mugimendu altermundialistak, asteazken honetan, azaroaren 21an, 15:30etan, Gare du Midi gunean, Lehen Ministroa den Jean-Marc Ayrault-ren Biarritzeko etorrera dela eta, manifestatze deia luzatzen du. 2012ko martxoaren 1an, «Ingurumena, hasia da zinez aspergarri bilakatzen !» zion Nicolas Sarkozy lehendakariari, argi utzi genion, beste ehunka herritar sumindurekin, ez zela inondik ere ongi etorria Baionarat. Zonbait hilabete berantago, gobernu berriaren buruari ber mezuaren luzatzeko arrazoinak tamalez ainitz dira.

Notre Dames Des Landes-eko aireportu proiektuaren aurkarien kontra eraman duen errepresio basatia eta «seme kuttunatzat» duen proiektu horri buruzko Lehen Ministroaren itsukeria arrazoin horien lehen lerroan atxemaiten dira.

Uzkailketa klimatikoaren ondorioak denetan senditzen hasiak direlarik (lurreko izotz geruzaren urtzea, itsaso eta ozeanoetako uren mailaren igotzea, muturreko gertakari klimatikoen biderketa), aireko zirkulazioaren haunditzearen prestatzea eta antolaketa planetaren eta bere biztanleen aurkako krimena da.
Itsua izan behar da beraz, aireportu berri baten eraikuntzaren nahi ukaiterat. Eta oraino gehiago, Nantes hiriko aireportua ez delarik saturatua, eta aditu independente batzuren proiekzioen arabera ez duelarik saturatua izaiteko arriskurik. Horrek pentsarazten digu Bordale eta Hendaia arteko AHT bide berriaren proiektuaren ezaugarriei. Proiektu hori zentzu gabeko tematzearen bultzadak aintzinerat eramaiten du eta Lehen Ministroaren aintzinean, azaroaren 21an hori ere gaitzetsiko dugu.
Ber maneran ere gure haserrea adieraziko diogu bere gobernuak hartu dituen lehen erabaki eta joerei buruz ekologia, energia eta klimaren arloan… zeren gehienak norabide txarraruntz joaiten dira.
– anti-ekologikoa diren zergen saihesteko moldeen kentzea errefuxatzea (kerozena erregaiaren zerga dispentsa adibidez), agro-erregaiei laguntza ;
-fiskalitate ekologikoaren plantan emaitera, datarik eman gabe, atzeratzea, horrek alternatiben (garraioak, etxebizitza…) diruztatzeko sortzen ditu aterabiderik gabeko arazoak, petrolioaren prezioaren emendatzeak biztanleriaren sektore pobreenak eta ahulenak hunkituko dituelako lehenik ;
-aberastasunen banatzea eta lanaren partekatzearen politikaren errefusatzea ;
– garraioen azpiegituren Estatu mailako eskemaren berrikustea erabiltzaileak direnekin kontzertaziorik egin gabe ;
– energi berriztagarrien garatzeko egiazko politika baten eskasa;
-ITER, fusioaren bidezko erreaktorearen sortzea onartzen duen dekretuaren izenpetzea ia ia izkutuka, jakinez proiektu hori munstro teknologiko bat dela, garestia bezain balio gabea,… Azpimarratzekoa da hori egin dela trantsizio energetikoari buruzko eztabaida hasi aintzin ;
-energiaren inguruko eztabaidaren gidaritza batzordeen kidetza desorekatu eta kezkagarria ;
-etab.
Etor gaiten numbrian, gobernu berri honi aldarrikatzeko norabide aldaketa larri eta erradikal baten egitea, eta NDDL-eko aireportua eta Bordale eta Hendaia arteko AHTarendako trenbide berriak bezalako behar gabeko proiektu erraldoi, imposatu eta suntsitzaileen gelditzea galdegiteko!
Erakuts dezagun Jean-Marc Ayrault jaunari klimaren eta bio aniztasunaren matrakatzaileak ez direla ongi etorriak Euskal Herrian!
Denak Gare du Midi geltokirat, Biarritzen, asteazkenan, azaroaren 21an, arratsaldeko 15:30tan!