“Klima ez da batere kontuan hartua izan, hitza jana izan da”: Biziren ekintzak Christian Devèze-en bilan ezin txarragoa Kanbon ziztatzen du.  

Asteazken honetan, urriaren 15ean, Biziko hogei bat ekintzailek irmoki salatu dute Christian Devèze-en “klimaren arloko 6 urteko geldirik egotea” Kanbon, Herriko Etxearen aitzinaldea afixaz estaliz. Ekintza honekin, Bizik argitara eman du klima-larrialdiaren aitzinean erakutsiriko axolagabekeria, auzapezaren fede txarra eta 2020ko Herriko bozak aitzin, Ipar Euskal Herriko Metamorfosi Ekologikoaren Ituna izenpetuz hartu hitzaren jatea.

Hogei bat ekintzaile asteazken honetan, urriaren 15ean, Herriko Etxearen atarian agertu dira. Idazkaritzan zinegotziei zuzenduriko gutun-azal bat eman eta gero —bertan kargualdiaren bilana zela eta—, Bizik Kanboko auzapezaren irudia zuten afixa handiekin estali du Herriko Etxearen aitzinaldea, letra gorrietan honakoa irakurtzen zelarik: “Devèze : klimaren arloan 6 urteko geldirik egotea”. Ke-poteak, banderola bat, alarma-sirena eta “klima-krimenaren eszena” mugatzen zuen zinta ere erabili dituzte.

“Klima ez da batere kontuan hartua izan, hitza jana izan da”


Kanboarrek egia jakin behar dute, Christian Devèze-en taldeak haien izenean egin duenari buruz. Auzapezak arras baztertu ditu 2020an kanboarren aitzinean Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren aldeko Ituneko neurri guzien gauzatzeko  harturiko engaiamenduak. Emaniko hitzaren errespetua haize hutsa besterik ez da gaur egungo Kanboko auzapezarentzat. Iruzurra gehiegi luzatu da! Kargualdi honen bukaeran, Kanbo da Ipar Euskal Herriko hiririk txarrena arlo ekologikoan.

Beren geldirik egotearekin, Kanboko hautetsiek sei urte baliotsu galdu dituzte, klima-aldaketaren ondorioak mugatzeko aukerak biziki laster ttipitzen ari direlarik. Anartean, gure lurraldea gero eta ahulago bilakatzen ari da, eta hau oraindik etortzekoa den mundu gogorraren aitzin-jasta ttipi bat besterik ez da. Christian Devèze-ek eta bere taldeak hondamendira garamatzate.

Herriko Etxearen bilanaren puntu nagusiak

Bizik argitara eman duen Herriko Etxearen inertziak hainbat ondorio zehatz baditu. Elkarteak legearen bi urraketa nabarmendu ditu.
Lehenik, Ingurumen Kodeko L228-2 artikulua urratu da, 2024an Tauletxea karrikaren arraberritzearen karietara  bizikleta-biderik ez antolatuz. Bigarrenik, animaleetarik etorriko proteinen proportzioa jaisteko eta landareetarik etorritakoen proportzioa handitzeko den EGAlim legeak aurreikusten duen proteinak dibertsifikatzeko plana ez da plantan ezarri Kanboko jantokian. Ondorioz, erregularki eskaintzen dira apairuak non animalia-jatorriko proteinak agertzen diren bai sartzean bai eta ere plateran. Menu horien karbono-aztarna jasanezina da, eta gainera  menu horiek haurren osasunerako ondorio problematikoa dakarte.

Auzapezak, gainera, kanboarren aitzinean hartu hiru engaiamendu nagusi hautsi ditu.
Kanbo da Ituna sinatu zuten hirien artean – Mugerrekin batera – Euskal Monetari kidetzeko eta haren garapena sustatzeko hartu engaiamendua errespetatu gabe egon den  hiri bakarra. Kanbo da, halaber, bizikleta-bide seguru edo mugikortasun eztiendako biderik gauzatu ez duen lurraldeko hiri bakarra.

Marieniako lur emankorren artifizializazio-proiektuarekin, Christian Devèze-k behin eta berriz hautsi du Kanboko herritarrekin izenpeturiko hitzarmena.

  • 2014-2020 kargualdian, Christian Devèze hirugarren postuan zuen Vincent Bru jaunak gidaturiko zerrendak sinatu zuen “lurraren erabilpen xuhurraren aldeko” engaiamendua, eta bereziki honakoa:
    “herriaren hirigintza-planaren berrikuspenaren karietara, gure zerrendak arraberritzea lehenesteko eta natur eta laborantza-lur gehiago ez artifizializatzeko engaiamendua hartzen du.”
    Hala ere, Herriko Etxeko taldeak kontrakoa egin du, Tokiko Hirigintza Plana THP/PLU aldatuz Marieniako lur emankorrak eraikigarri bilakatzeko.
  • Kargualdi honetan ere, Christian Devèze jaunak berriz ere 2020an harturiko Elikadura-burujabetzaren alde, lur erabilgarri erreserbak babestu. engaiamendua hautsi du lur horietan eraikitzeko baimena izenpetuz.

Metodologia dudan ezarria izan da

Kargualdiaren bilanaren emaitzak argitaratu eta gero, Christian Devèze-k France 3 Nouvelle-Aquitaine-eko artikulu batean ihardoki zuen, erranez “zalantzan ezartzen zuela Biziren desmartxaren inpartzialtasuna, zeinak, bere ustez, ez duen lortu denborarekin jokaera onaren ziurtagiri objektiboak emateko zilegitasunik.”

Bere hitz hartzean, Bizik gogorarazi du bere ebaluazioa egiteko erabili metodologia zorrotza eta fidagarria.  Ebaluazioa Herriko Etxeek berek emaniko erantzunen gainean oinarritzen da, eta Herriko Etxe horiek beren datuak egiaztatzeko eta zuzenketak egiteko parada izan dute.  Ituneko arlo bakoitzeko, laguntzaile bikote batek aztertu ditu 5.000 biztanle baino gehiagoko Herriko Etxe guziak, ebaluazio-gida baten arabera. Prozedura horren arabera, Kanbo da Ipar Euskal Herrian geldienik egon den herria. Haren emaitza: 4tik 0,2 puntuko nota.

Baliabideak