Alarma piztua da. Horiak, berdeak, elkarteak, herritar mugimenduak eta sindikatuak elkarren ondoan mobilizatzen ari dira. Gauza berez ohartzen dira: ekintza politiko konkretuak diskurtso ederretarik urrun dira eta interes orokorrari bizkar ematen zaio gutiengo aberatsegi baten probetxurako; eta gutiengo horren jokamoldeek ikaragarriko kalte sozialak eta ekologikoak egiten dituzte. Mespretxu handia bada eta erosteko ahalmenaren ttipitzea, injustizia soziala eta fiskala, bazterketa, langabezia, zerbitzu publikoen suntsitzea, gaueko trenen desagertzea, autoarekiko dugun mendekotasuna, gure ingurumenaren andeatzea, gure airearen eta gure janariaren kutsatzea, klimaren ezegonkortzea… pairatzen ditugu.
Abenduaren 7an, eztabaida bat antolatu da Bizi!-ko ordezkari baten eta Euskal Herriko jaka horien ordezkari baten artean. Ados dira errateko demokraziaren krisia badagoela Frantzian eta azpimarratzen dute jaka horien mugimendua karbono zergarekin hasirik ere, ez dela —urrundik ere— eraginkortasunik ez duen eta sozialki bidegabea den zerga horretara mugatzen. Sozialki bidezkoa eta solidarioa izanen den karbono zerga bat sustengatzen dugu. Abenduaren 8an, klimaren aldeko mundu martxaren egunean, 1200 pertsona inguru (horiak, berdeak, elkarteak, sindikatuak eta herritarrak) bildu ziren Baionan. Abenduaren 18an, Biarritzen, G7aren aurkako plataformako kideekin eta sindikatuekin bildu ginen, gure aldarrikapen komunen entzunarazteko, G7aren prestatzeko bilkuran. Mobilizazio solidarioa, fronte amankomun bat: trantsizio sozial eta ekologikoa abiaraztea, beheretik piztuz.
Jan 15 2019