Bizi! elkarteak ekintza berri baten bidez salatu du Arrangoitzeko Herriko Etxearen gardentasun falta; izan ere, Ipar Euskal Herriko 3500 biztanletik gorako herri bakarra da ingurumenari loturiko informazioa ematea errefusatu duena. Alta, informazio horrek parada emanen zuen kargualdiko bilan ekologikoaren ahalbidetzea. Administrazio-dokumentuetarako Sarbidea segurtatzen duen Batzordeak duela guti, Biziren galdearen aldeko iritzia eman du.



Astearte honetan, Biziko ekintzaileak deus jakinarazi gabe agertu dira Arrangoitzeko Herriko Etxera. Eskailerak eta kanpo estalkiak lagun, aitzinaldeko leiho guziak estali dituzte, Herriko Etxe barnean gertatzen dena ikustea saihestuz. Herriko Etxeari egiten zaion kritika, hots, opakutasuna, ikusgarri bilakaraziz.
Alabainan, Arrangoitze da, 3500 biztanletik gorako herri bakarra, irailean argitaraturiko Ipar Euskal Herriko herrien bilan ekologikoa egiteko Biziren galdeei erantzun izpirik eman ez duena. “Beste herri guziek gardentasun ariketa hori egin dute, zehaztasun maila ezberdinekin, nahiz eta ez zuten beti emaitza eredugarririk. Arrangoitzek, zer du gordetzeko? Herritarrei kontuak emateari uko egitea, haien izenean egin den kargualdiaren bukaeran, zinezko arazo demokratikoa da”, nabarmendu du Lilas Dinclaux Biziko bozeramaileak. Herriko Etxeak, kargualdi osoan, ez du informaziorik igorri Metamorfosi Ekologikoaren Itunaren jarraipeneko hiru txostenentzat.
Bestalde, Administrazio-dokumentuetarako Sarbidea segurtatzen duen Batzordeak (Cada delakoak) Bizik galdatu hainbat adierazle komunikatzea onetsi du, Arrangoitzek molde errepikatuan ez zuenez erantzunik eman, Bizik Cadaren esku utzi zuelarik galde hori. Cadak gogorarazi du “ingurumen-informazioa pertsona juridiko bati dagokionean, interesdunari ez ezik informazioa eskatzen duen edozein pertsonari ere eman behar zaiola”, eta hori, edozein izanik ere herriaren biztanle-kopurua.
Ondare eta ekipamendu publikoen energia-kontsumoa, kolektibitatearen ondarearen energia berriztagarrien urteko ekoizpena eta kontsumoa, eta Herriko Etxeak kudeatzen duen jantoki kolektiboan, kalitatezkoak, laborantza biologikotik datozen eta iraunkorrak diren produktuen ehunekoa: horra komunikatuak izan behar ziren informazioak, ingurumen-kodeko L124-1 eta ondoko artikuluen arabera.
“Informaziorako eskubidea demokraziaren osagai ezinbestekoa da. Gardentasuna beharrezkoa da herritarren konfiantza eta inplikazioa indartzeko. Horren behar handia dugu etorriko zaizkigun erronkei buru egiteko. Espero dugu Cadaren iritzi hau oroitarazte salbagarria izanen dela.”, dio Lilas Dinclaux-k.
Elkarteak informazioa igortzeko eskaera berretsi du, Herriko Etxeari gutun bat emanez. Maitena Curutchet bigarren auzapezordeak errezibitu du, eta adierazi du herriak erantzun bat eman diola Cadari, elkarteari horren berri emateko lanik hartu gabe.
Axuantak azaldu du herriak eskatutako informazioa baduela baina ez daukala argibide horiek biltzen dituen dokumentu sintetikorik. Lilas Dinclaux kezkaturik agertu da: “Harriturik gaude Arrangoitzek ez daukalako taula sintetikorik, non eraikuntzen eta herriko argiteria publikoaren kontsumo energetikoa laburbiltzen baita, Geure buruari galdetzen diogu Arrangoitzek nola gida dezakeen bere energia-kontsumoen jaitsiera –zeina Klima Planean aurreikusia baita– jarraipeneko taularik gabe… “
Herriak iragarri du batzordeak eman duen iritzia betetzeko eta legeak eskatzen duen informazioa igortzeko asmoa duela, hilabete honen hondarreko.
Baliabideak
- Bizik bere galdea CADAren esku utzi ondoren, erakunde honek argitaratu iritzia
- Arrangoitzeko Herriko Etxearen fitxa
- Kargualdiko Bilan Txostena
- Herriko Etxeko taldeari luzatu gutuna.


















