Gure etxea sutan, eta gu beste aldera begira

Klima salbatzeko garaiz iristeko azken aukera daukagu: “gauerdirako bost minutu besterik ez da falta”, zioen duela gutxi Klimaren bilakaerari buruzko Adituen Gobernuarteko Taldeko buruak. Zoritxarrez, honez gero inork ezin du zalantzan jarri klimaren nahasmendua zein larria den: “zikloiak, tornadoak, uholdeak, ekaitzak eta lehorteak… 1980 eta 2011 urteen artean katastrofe klimatikoen ondorioz 30.000 pertsona hil da eta Ipar Amerikan bilioi batetik gora dolarreko kostua eragin dute, Munich Re berraseguro etxearen 2012ko urrian argitaratutako txosten baten arabera. Hogeita hamar urtetan katastrofe klimatikoak Ipar Ameriketan ia bost bider gehitu dira, lau bider Asian, 2,5 bider Afrikan eta bikoiztu, Europan”.

Baina egun pairatzen ari garena oso arazo arina izan liteke gure seme-alabek jasan dezakeenaren aldean, klimaren erronkari urgentziaz aurre egiten ez badiogu: Duela urte gutxi, ez zen uste atmosfera 2º C berotzearen muga 2100 urtea baino lehenago gaindituko zenik (Lurreko batez besteko tenperaturaren igoera hortatik gora ekosistemetan eragina handia izango da). Baina Frantziako CNRS ikerketa erakundearen komunikatu batek ohartarazten du 2º C horien muga kasurik okerrenean 2035 eta 2045 bitartean gainditzekoa zen; zoritxarrez, egun hau da negutegi efektua eragiten duten gas igorpenen kurbak adierazten duen joera. Gaur ia bertatik bertara ari gara ikusten egoera asko larriagotu dela, eta behin betiko epemuga hurbiltzen ari dela.

Ez da ezer aldatu esaldi ezagun hura bota zutenetik:”Gure etxea sutan dago eta gu beste aldera begira gaude”. Areago, 2009 amaierako Kopenhageko goi-bilerak porrot egin zuenetik eta krisi finantzierotik hona badirudi larrialdi klimatikoa desagertu egin dela agintarien agendatik.

Alternatiba proiektua:

Testuinguru honetan sortu zen Alternatiba proiektua, Europa mailan berriro herritar mobilizazio bat bultzatzea da, gogoan atxikirik klimaren inguruko goi-bilera erabakigarri bat izango dela Parisen 2015 urte amaieran. Urriaren 6an Baionan milaka lagun elkartuko gara klimaren inguruko gaiak eztabaidatzeko. Alternatibaren xedea da klima-aldaketa borrokatzeko egingarri diren soluzio guztiak plazaratzea, tokiko nahiz mundu mailan.

Alternatiba konkretuekin, izan ere, jendeari adorea ematen zaio gizateriak inoiz ezagutu gabeko erronka honen aurrean. Bestalde, ikusarazi nahi dugu klima-aldaketaren aurkako borrokak eragina duela gure bizimoduaren eta jendartearen arlo gehienetan: energia-politiketan, noski, baina baita lurraldearen antolakuntzan, nekazaritza ereduan, lanaren eta aberastasunaren banaketan, kontsumo eta garraio moduetan, etab. Gainera, erakutsi nahi da borroka honek ez gaituela mugatzen; aitzitik, berebiziko bultzada emango digu, etorkizuna eraikitzerakoan.

Jarrera honek badu ere beste abantaila bat: irtenbideak ez dira soilik “goitik” etorriko; eguneroko jardunetik ere ekiteko modukoak dira, tokiko zein eskualde mailan, banaka edo kolektibo gisa.

Alternatibaren xedea pertsonen kontzientziak mugitzea da, komunikabideak, sare asoziatiboak eta erakunde ekologista nahiz sozial handiak medio oihartzun zabala izango duen jardunaldi bat antolatuz. Ekitaldiaren bezperan, urriaren 5ean, klima-aldaketari buruzko Forum bat dago aurreikusita. Kontua ez da Alternatiba berezko helburu bilakatzea, abiapuntu izatea baizik, herritar mobilizazio eta presio herritar dinamika baterantz aurrera egiteko puntu, beraz; dinamika hau areagotu egingo da Parisen 2015 urtearen buruan izango den goi-bileraraino.

Ez badugu nahi Kopenhageko goi-bileraren moduko porrotik errepikatzea, datozen bi urteetan Europak erakutsi behar du lan efikaza egin daitekeela negutegi-efektua eragiten duten gasen igorpena zeharo jaisteko, irtenbide justu, demokratiko eta solidarioak oinarritzat hartuta.

Ekitaldi erabakigarria

Lehen apustua jada irabazita dago: GKE eta sare ekologista eta sozial ugarik, oso pentsamolde eta praktika era desberdinak izanagatik, bat egin dute Alternatibarekin, edo parte hartuko dute.

 Urriaren 6an klimaren herritar mobilizazioa egingo da, Europan Kopenhageko goi-bileratik ikusi ez den modukoa. Alternatibak jendetza bilduko du: 150 elkarte eta taldek soluzio konkretuak plazaratuko dituzte; 100dik gora hizlarik hartuko dute parte eztabaidetan, eta guztira ia 1.000 bolondres ari izango da lanean, espero diren 10.000 lagunei harrera egiteko prest.

 Klimaren auziak gure etorkizuna baldintzatuko du. Deialdi honi erantzun diezaiokezuen orori dei egiten dizuegu Baionara joan zaitezten urriaren 6an, hastera doan mobilizazioa gizateria guztiari arazo honek botatzen dion erronkaren mailakoa izan dadin.

Christiane Hessel Anderea-k eta ondoko pertsona ospetsuek :

Genevieve Azam, ATTAC-France-eko bozeramailea

Michel Berhocoirigoin, Confédération Paysanne-eko bozeramaile ohia, EHLGko lehendakaria

Annick Coupé, Union syndicale Solidaires-eko bozeramailea

Susan George, idazlea

Yayo Herrero, Ecologistas en Acción Confederal-aren koordinatzailea

Nicolas Hulot, Fondation Nicolas Hulot pour la Nature et l’Homme Fundazioaren Lehendakaria

Jean-François JulliardGreenpeace France-eko zuzendaria

Martine Laplante, Amis de la Terre-France-eko Lehendakaria

Pierre Larrouturou,ekonomialaria, Collectif Roosevelt Kolektiboa

Juan Lopez de Uralde, Greenpeace España-ko zuzendari ohia, Kopenhage-ko gailurrean Estatu buruen afari ofizialean arrastatua izan zena.
Adolfo Muñoz, ELA, Euskal Herrian gehiengoa duen, konfederazio sindikalaren Idazkari Orokorra.

Edmond Maire, CFDT sindikatuko Idazkari Orokor ohia

Edgar Morin, filosofoa.

Paul Nicholson, EHNE Bizkaia, Via Campesina –ko sortzaileetarikoa

Cécile Ostria, Fondation Nicolas Hulot pour la Nature et l’Homme Fundazioaren Zuzendari Orokorra

Emmanuel Poilane Danielle Mitterrand France Libertés Fundazioaren Zuzendari Orokorra

Pierre Rabhi, agro-ekologista, filosofoa

Marie-Monique Robin,kazetari eta errealizadorea (Albert Londres saria)

Michel Rocard, Frantses Estatuko Lehen Ministro ohia,

Germain Sarhy, Village Emmaus Lescar-Pau Herrixkaren sortzailea

Liliane Spendeler, Amigos de la Tierra-España-ren zuzendaria

Jacques Testart, Fondation Sciences Citoyennes Fundazioaren Ohorezko Lehendakaria

Patrick Viveret, filosofoa

bizimugi.eu/eu/alternatiba