Udalbiltzak (*), Euskal Herriko Udal eta Udal hautetsien biltzarrak, Bizi ! mugimenduarekin batean ostirala honetan, urtarrilaren 23an, arratseko 19 :00etan aurkeztuko du Manu Robles-Arangiz Fundazioaren egoitzan,20 Cordeliers karrikan Baionan, ‘Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida’.
Xabier Zubialde, gidaren egileak, Igor Aldalur, Eibarko zinegotziak eta Euskal Garapen eta Kohesio Fondoko kideak, Iban Grossier-ek Bizi ! mugimenduko Koordinaketa kideak eta «Euskal Herri 2014-2020 Trantsizio Energetikoaren Ituna»-ren jarraipen batzordekoak, Jean-Louis Harignordoquy Ibai-Errekak-eko kideak eta Patxi Bergarak I-Ener-eko kideak aurkezpen ezberdinak eginen dizkigute eta ondotik publikoarekin trukaketa denbora bat iraganen da.
Hitza hartzeak euskaraz eta frantsesez eginak izanen dira. Itzulpenak segurtatuak izanen direlarik kaskoen sistemarekin.
‘Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida’ Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Udalarekin eta Zazpiak bat elkartearekin elkarlanean egindako ikerketa lan bat da, Xabier Zubialde-k zuzendua, eta udaletan abian jar daitezkeen jardunbide onen katalogoa biltzen du. Aurkezpenean gidaren eduki batzuk azalduko dira eta, horrez gain, Euskal Herriko udal batzuetan aplikatzen ari diren esperientzia zehatzak aztertuko dira.
Jada hainbat aurkezpen eginak izan dira Euskal Herriko hainbat herritan (Iruñan, Gasteizen, Eibar-en, Donibane Garazin) bertako hautetsi eta energia berriztagarrien arloko aktore ezberdinekin. Ekimen hau Euskal Garapen eta Kohesio Fondoaren ‘Energia burujabetza 2014-2019‘ programan sartuta dago, eta, haren bidez, udal hautetsien biltzarrak lehendabiziko urratsak egin nahi ditu subiranotasun eta efizientzia energetikoak lortzeko bidean, bai eta udaletan nahiz herrietan sinergiak sortu ere energia berriztagarrien ekoizpenaren inguruan. Horretarako, Udalbiltzak lankidetza hitzarmenak izenpetu ditu GoiEner eta Energia Gara (Som Energia) kooperatibekin eta I-Ener enpresarekin.
(*) Udalbiltza (Euskal Herriko Udal eta Udal hautetsien biltzarra) : Elkartasuna eta elkarlanaren bidez, Euskal Herrian 188 auzapez edo udaletxe (Iparraldeko 18) eta 1474 hautetsi (114 Iparraldekoak)-ren artean proiektu amankomunen dinamizatzeko xedea du. Udalbiltzaren azken lan sail zehatzetan besteak beste hauek aurkitzen dira : mugazgaindiko proiektuer laguntza (Pirieneotan edo ondoan, lan eta bizi) eta Euskal Herria burujabetza energetikorantz joateko gida: ‘Euskal Herriaren burujabetza energetikorantz joateko gida’.