Goiz honetan, 9:00etan, 80 pertsona aurkeztu dira Bizi! Mugimendu altermundialistaren deiari erantzunez Hendaiako erretentzio administratibo zentroaren aitzinean ohiz kanpoko aldarrikapen batekin: etorkinentzat den zentro horretan hetsirik atxikiak izaitea etorkinen ordez.
Alabainan, Hendaiako erretentzio zentroa berriz ireki behar zen astearte honetan, apirilaren 3an. Egun honetan berean, arratseko 21:00etan Parlamentuan, Legeen Batzordeak hasi behar du Geriza eta Immigrazioa lege proiektuaren azterketa, eta karia horretara, Gérard Collomb barne ministroa entzun behar du. Beste hainbat errepresio-neurriren artean, lege proiektu horrek aintzin ikusten du Zentro horietan erretentzio denbora 45 egunetik 90 edo 135 egunetara luzatzea!
Hendaiako Erretentzio zentroak 30 toki ditu etorkinentzat. Bertan etorkin horientzat diren tokiak hartu nahi dituzten 80 «Haiek gu dira» bolondres zentroan sartzera saiatu dira. Polizia baliabide bereziki handi batek bertan sartzetik trabatu ditu denak, salbu haietarik bat: José Bové. Alabainan, azken honek, Zentroan sartzeko parada ukan du europarlamentari gisa eta bolondresen zerrenda osoa (orotarat 146 izen) Zentroko zuzendariari eman du.
Erretentzio zentroa doazen 3 bideen blokatzea:
Han artean, eguerdi arte, 3 bolondres taldek blokatzen zituzten Erretentzio zentrora doazen 3 bideak. Ondorioz, goiz honetan, ez da etorkin transferentziarik egin, Hendaiako Zentroaren idekitzea de facto atzeratzen zelarik.
Bizi!ko Florence Warembourg-ek hitza hartu du esplikatzeko ekintza honen erran nahia: «Haiek, gu dira. Harrera, geriza eta elkartasun eginbidea badugu, ez bakarrik errefuxiatu politikoekin, edo gerlatik eta errepresiotik ihesi doazen jendeekin, baina ere errefuxiatu ekonomikoekin, deserritu klimatikoekin, edo ingurumenaren gatik migratzerat behartuak direnekin. Ezin ditugu onartu Erretentzio zentro horiek diren hobengabeendako zinezko kartzelak. Harrera eta elkartasuna oinarritzat dituzten politikak nahi ditugu, ez eta berekoikeria eta hetsirik egotea.»
Malika Peyraut, Bizi!ko beste ordezkariak Geriza-Immigrazioa lege proiektuaren kentzearen galdatzeko ekintzen biderkatzeko deia luzatu du. «Presioa egiten jarraituko dugu eta proiektu horrek ukaiten ahal dituen ondorioen salatzeko beste ekintza batzu burutuko ditugu apirilean zehar. Oraindanik jendetasun eta elkartasun baloreei biziki atxikiak diren «Haiek, gu dira! Elkartasuna etorkinekin eta errefuxiatuekin!» lemaren atzean Asteartean, Maiatzaren Lehenean 10:30etan Baionako karriketan manifesatzera deitzen ditugu.»
Eskualde guzietan ekintza honen errepikatzeko deia:
José Bové eurodiputatua, bere aldetik gobernuko gehiengoko diputatuei zuzendu da galdeginez Geriza-Immigrazio lege proiektuaren kontra jar ditezen: «Ez utzi lege ahalkegarri hau pasatzen. Giza eskubideentzat ezin jasanezina da!»
Frantses Estatuko ahal bezain bat Erretentzio zentroetan goiz honetako ekintzak bezalakoak errepikatzerat deitu du: «Deliturik ez dutelarik egin gakotuak izan diren etorkinen tokiak hartzeko desobedientzia zibilaren ildoko mobilizazio baten abiapundua zirezte! Zirkulazio askatasuna, funtsezko eskubide bat da, bai eta ere hobeki bizitzekoa. Hemen, Hendaian, apirilaren 3an sortzen den mugimendu hau garatu behar da!»