Bizi!, CADE, Paysages de France eta Résistance à l’Agression Publicitaire-ek osatzen duten Ipar Euskal Herrian eta Aturrin Publizitatea geldi kolektiboak, 2022ko martxoaren 25 honetan publizitatearen ordezkatzeko ekintza bat antolatu du Publizitatearen kontrako Mundu mailako Egunaren baitan eta erregai fosilen publizitatearen eta babesaren kontrako Europako Herritarren Iniziatibaren (ECI) sustengatzeko.
Martxoaren 25ean, ostiralean, Publizitatearen Kontrako Mundu Mailako Eguna dela eta, Ipar Euskal Herrian eta Aturrin Publizitatea geldi kolektiboko aktibisteak SUV-en aldeko iragarkien “Ez axola haurretaz, erre planeta” parodia-mezu batekin estali dituzte iragarkiak: ondasun eta zerbitzu fosilen industrien iragarkien debekatzea eskatzeko. Munduko CO2 isurien %89-aren jatorrian diren konpainia hauek klima-aldaketa elikatzen dute, erregai fosiletan inbertitzen eta horiek sustatzen segitzen dute. Gainera, Europak Errusiako erregai fosilekiko duen menpekotasunak indartzen du Ukrainako gerlaren egoera tragikoa. Azkenik, erregai fosilen erretzeak eragindako aire-kutsadura mundu osoan 8,7 milioi heriotzeren erantzule izan zen 2018an, hots tabakoarekin lotuak diren heriotzak baino gehiagoren erantzule. «Ondasun eta zerbitzu fosilen aldeko publizitatea debekatzen duen lege batek haien kontsumoa eta, beraz, haien eragina murriztuko luke, tabakoaren kasuan bezala», uste du Elise Ayrault kolektiboko bozeramaileak.
Horregatik, Ipar Euskal Herrian eta Aturrin Publizitatea geldi kolektiboak bat egiten du “Ban Fossil Fuel Ads” Europako Gobernuz Kanpoko Erakundeen koalizioaren iniziatibarekin, erregai fosilen industria, baita fosilak erabiltzen dituzten auto eta aire konpainia eta itsas industriak ere, legez, Europar Batasunean publizitatea eta babestea ez dezaten egiteko parada ukan. Kolektiboak petizio hau masiboki sinatzera deitzen du, milioi bat europar hiritar sinatzaileen heinera iristeko eta Europako Batzordea lege proiektu honen aztertzera behartzeko.
Ipar Euskal Herrian eta Aturrin Publizitatea geldi kolektiboak