Bizi!-k salatu nahi du esne industrialariek Euskal Herriko Esne Kooperatibako (EHEK) laborariei egiten dieten boikota onartezina.
Lactalis (Pyrénées-From / Le P’Tit Basque), Bongrain (Chaumes / Etorki), MLC (3A / Capitoul), Andros (Onetik) eta Agour-ek, Ossau-Iraty Sor Markaren kargu txostenaren arabera ekoiztu 1,35 milioi ardi esne pinta botatzera behartzen dituzte laborariak.
Denbora berdinean, industrialari hauek, Euskal Herrira 8,5 milioi pinta esne sarrarazten dituzte (Espainia edo Aveyronetik). “Euskal Herriko Ekoizpena”k sortzen duen nahasmenaz baliatuz Euskal Herri kalitate irudiko gasna saltzen dute – edota Sor Markako marken izenak erabiltzen – Sor Markako esne sorta bat ere ez dutelarik erabiltzen horretarako!
Next[:]
Industrialari hauen helburua, betidanik esnearen kalitatea, prezioaren bidezko ordainketa eta honen ondorioz, bolumenak baino kalitatea zaintzea xedetzat duten etxalde ttipien kopuru handiagoa mantentzearen aldeko borrokan aitzindari izan den EHEK suntsitzea da.
Haien xedea, epetan, ardiaren sarea desegitea da, eta ez atxikitzea gaur egun Euskal Herrian egituratua den bezala, euskal laborari xume batzuk azken hamarkadetan buru belarri eramandako borroken ondorioz. Helburua, Euskal Herriko ardi esnearen merkatua europar salneurrien heinera ekartzea da, behi esnearekin gertatzen denaren gisara (eta ezagutzen ditugu laborari ttipiek jasan behar izan dituzten horren ondorio latzak: azken 10 urteetan, behi esneekilan ari diren etxaldeen erena baino gehiago desagertu da).
Oroitaraz dezagun ardi esneak, Euskal Herriko etxaldeen erdia, eta plantatze berrien 2/3ak hunkitzen dituela. Hitz batez, gure laborantzaren etorkizuna da gaur jokatzen!
Bizi!-k, bere kide eta segitzaile guziak deitzen ditu haien elkartasuna erakuts diezaioten EHEK-ko laborarien borrokari hemengo ardi esnea eta Ossau-Iraty Sor Markaren defentsaren alde.
Elkarteak, kontsumitzaileak, hautetsiak eta tokiko elkargoak, ondoko egunetan, denak behar gira mobilizatu Lactalis – Le P’tit Basque, Chaume – Etorki, MLC-Capitoul, Andros-Onetik eta Agour-i galdegiteko EHEK-ren esnearen boikota segidan geldi dezaten!