El Khomri legea : Bizi!-k manifestatzera deitzen du martxoaren 9an asteazkenez Baionan

Bizi!k bere kide eta laguntzaileak deitzen ditu El Khomri lege proiektuaren kontra manifestatzerat asteazken honetan, martxoaren 9an, Baionan goizeko 11:00etan.

DSCF5443

Izan ere, lege proiektu hori errotik kokatzen da aldi berean anti-soziala eta anti-ekologikoa den logika batean.

Anti-soziala, zeren, saldo haundiko langabeziaren presioa eta mugimendu sindikalaren ahulezia direla medio, sekulan baino gehiago nagusien alde doan indar-harremana ezagutzen den garai honetan, langileei lan kodeari esker segurtatuak ziren gerizen haustea, ondorio larriz betea izanen da. Lege hori pasatzen bada, lan baldintzen, soldaten, lan giroan alienazio harremanen eta bortizkeriaren mailan ezohizko gibelatzea ezagutuko dugu. Eta ororen buru, langabetuen kopurua goitituko da: alde batetik, errexago izanen delako, eta kostu guttiago beharko direlako kanporatzeko, eta beste aldetik gehiago lan eginaraziko direlako jada enplegu bat dutenak, lan egin arazteko ordez enplegu gabe direnak.

Anti-soziala, zeren garapenaren itzultzea mugatzen duten « trabetarik libratzea » honela gauzatzen da egiazko bizian: langabezia eta pobreziaren borrokatzeko, François Hollande-ek garapenaren itzultzean kondatzen du (eta prest da horretarako gizarte abantailen sakrifikatzerat). Hura aintzin, Valery Giscard d’Estaing, François Mitterand, Jacques Chirac eta Nicolas Sarkozy-k ere ber errezetak plantan ezarri dituzte eta ber inkantazioak deklamatu. Altabada, Frantses Estatuan, garapena etengabe beheiti joan da 1970 urtetik geroz, hots azken 45 urteetan! Horren emaitza: langabeziaren, desberdintasun sozialen, mota oroko defizit eta zorren sekulako igotzea.

Anti-ekologikoa zeren hazkundearen bilatze hori sinplea bezain tragikoa den logika batetan oinarritzen da: pobrezia eta langabezia borrokatzeko, ez omen da beste aterabiderik gehiago ekoiztea baino gehiago banatu ahal izaiteko, izan aberastasunak edo enpleguak. Arazoa da ekoizpenaren emendatzeak ekartzen duela lehengaien erauzketa gehiago, energia nuklear edo fosilen erretze gehiago eta ondorioz nahaketa klimatiko gehiago, ingurumena kaltetzen duten katastrofe gehiago, ondarkin ezin kudeatu gehiago eta jadanik azken mugetan den planetaren erreserben agortze gehiago. Hots, sendagaiak eritasuna larriagotuko luke.

Langabezia eta pobrezia borrokatzeko ETA ber denboran planetaren mugak eta gaurko oreka ekologiko eta sozialak errespetatzea ahalbidetzen dituzten politika bakarrak, lana banatzearen eta gaurko aberastasunen banatzearen aldeko politika haundi nahiak dira, gehiago ekoiztea behar izan gabe : gaurko Hollande-Valls gobernamenduaren politikaren arrun kontrako logika.

Bizi !-k argiki deitzen du lege proiektu hori gibelera botatzera, eta gure gizarteeri hazkunderik eta langabezi masiborik gabeko prosperitatea segurtatzen ahalko lukeen politika berria aldarrikatzera, Baionan martxoaren 9 huntan asteazkenez manifestatuz (11:00etan Saint Ursule plazan, Baionako geltokitik hurbil).