Ekozergaren aplikatzearen alde, mobiliza gaiten!
Berriz ere nagusien lobby-en mobilizazioek lortu dute ekozergaren (edo hobeki erran «kutsadura zergaren») geroratzea.
Gaur bilkura zabal eta ideki bat antolatzen dugu elgarrekin ikusteko gaur egungo ekonomiaren deslokalizazioaren eta laborantza produktibistaren arduradun ezberdinei bai eta bide garraioetako nagusien lobby-ei nola aurre egin. Horren bidez argitu nahi ditugu dosier horren hainbat alde:
-Garraioen bazter edo kanpo kostuak (kutsadura, ixtripuak, azpiegituren higatzea) parte haundienean kolektibitatearen gain egoiten dira. Salgaien garraioari dagokionez, kamioi astunek trenbidea baino 4 aldiz kostu haundiagoa dute. 1000 tonelada kilometroka konduan hartuz, kanpo kostuak bidezko garraioan 71,20€koak dira, trenbidean 17,90€koak direlarik eta itsasozkoan 22,50€koak. Premiazkoa da kanpo kostu horien berriz “barne” ezartzea eta kutsadura zergak hortan parte hartzen du.
-Zentzuzko neurri bat da bakarrik, zeren gero eta urriago izanen den eta molde zailean eskuragarria izanen den petrolioaren prezioen sekulako igotzea ezagutuko duen gero hurbil baten prestatzea ahalbidetzen du. Kutsadura zergak bidezko garrioaren alternatibak, segurragoak eta guttiago kutsatzen duten garraioak (trenezkoa, ibaietakoa) behar ditu finantzatu.
– Kutsadura zergak lagunduko du tokiko enpleguaren atxikitzen eta garatzen. Bidezko garraioan gertatzen ez den bezala (bertan Europa mailako dumping soziala nagusi da) garraio molde alternatiboetan den lana ezin da deslokalizatu. Eta gainera, garraioa garestiago bilakatzen bada, enpresek kontsumitzaileetarik hurbilago ekoizteko tendentzia ukanen dute eta ondorioz behar gabeko edo zentzugabeko garraioak saihestuko dira (Dinamarkan arrantzatuak diren izkirak, oskolak kentzeko Marrokara igorriak eta ondotik berriz Dinamarkarat itzuliak bertan prestatuak izaiteko, Bretañako xerria Alemaniako hiltegietarat igorria). Azkenik, bidezko garraioaren kariotzeak laguntzen du laborantza herrikoi eta hurbilaren sustapena laborantza industriala eta deslokalizatuaren aurrean.
-Noski, kutsadura zerga perfekziotik urrun da, eta dituen hainbat akatsen zuzentzea premiazkoa da (ordainpeko autobideetako garraioei eskainitako zerga dispentsa, praktikan distantzia luzeetako garrioa zergaz dispentsatzen duena, kutsadura zergaren biltzea, bidenabar diru biltzeen %20 beretzat atxikitzen duen talde pribatu bati eskainia izaitea, etab.). Bestale, Akitaniak dio bide garraioekin zerikusirik ez duela eskualdeak, jakinez gure lurraldea europa mailan den bide garraio komunikazio ardatz trinkoenetan dela. Horren bidez Akitaniak bere eremuan diren garraioen zerga %30ez ttipitzea lortu du, eta neurri hori salatzen dugu.
Gaur, dosier hortan behar dugu berriz iniziatiba hartu eta gure botza entzun arazi! Ber xedea partekatzen duten guzier proposatzen dugu bilkura ideki batetan parte hartzea. Bertan definitua izanen dira kutsadura zerga horren aplikatzea laster gauza dadin galdegiteko ekintza eta mobilizazioak. Hara non eta noiz iraganen den bilkura hau:
Astelehenean, abenduaren 2an, 18:00etan, Bourse du Travail-eko 1. Gelan, Baionan
Bizi !, CGT Cheminots, CADE.