Donibane Lohizune, Urrezko Ostruka sariaren ematea: Bizik Jean-François Irigoyen jaunaren mugikortasunari buruzko ikuspegiaren Pompidou-ren garaiko modernitatea, argi uzten du.

Larunbat honetan, otsailaren 12an, 11:00etan, Jean-François Irigoyen, Mugikortasun Sindikatuko presidentea, Mugikortasun Iraunkor eta Berritzaileen lehendakariordea eta Donibane Lohizuneko auzapeza, Urrezko Ostruka Métam’Or Trofeoaz saritua izan da, Bizik ospe handitan antolatu duen joan den mendeko giroko ekitaldian, 110 pertsonen parte hartzearekin.

Elkarteak herriko auzapeza goretsi nahi izan du oro autoz moldearen ordezkatzeko “mugikortasun alternatiboaren garapenari egindako ekarpenagatik”, Foch eremuan, hiribarneko aparkalekuaren proiektuari esker, dudarik gabe. Saria Irigoyen jauna bezala mozorrotua den militante batek eskuratu du eta Donibe Lohizuneko eta lurraldeko beste herritarrek parada ukan dute auzapezaren ikuspegia, ausarta eta argiki joan den mendeari itzulia dena, ezagutzeko. Hautetsiak ezin pentsatuak ziren lagun harremanak erakutsi ditu ostrukarekin eta Georges Pompidouren politikaren modernismoari omenaldi bizia eskaini dio. Auzapezarentzat, lehenago aipatu abangoardiako proiektua aitzinetik inauguratzeko parada izan da.

Urrezko Ostruka saria Bizik eman du Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren egoeraren 2021eko argitalpenean, sari honek larrialdi ekologikoaren aitzinean burua gehienik hondarrean sartzen duen hiria ohoratzen duelako. Donibane Lohizune, erantzun duten 3 hirien artean metamorfosi ekologikoaren arloan puntuazio apalenarekin atera dena izan da. Izan ere, Ipar Euskal Herri eta Aturri eremuko Hiri Bidaien Planak (PDM) 2030ean autoaren erabilera %70etik %52ra murriztea aurreikusten duen bitartean, Donibane Lohizuneko auzapezak Foch eremuko proiektuarekin segitzen du, hiri erdian aparkatzeko 300 toki gehigarri aitzin ikusten dituelarik, autobus geltokitik eta SNCF tren geltokitik bi urratsetan. Biziko ekintzaileek Proiektuak PDM-arekin duen koherentzia eza azpimarratu dute, azken honek bere helburua lortzeko, “erabiltzaileak bultzatuak izanen direla autoak hiritik kanpo uzterat eta hiri barnean sartzeko modu egokiago baten hartzerat”. Alta Jean-François Irigoyen Mugikortasun Sindikatuko presidenteak bultzatzen duen dokumentoak gogoratzen du “autoen trafikoa mugatzea lortu duten lurraldeek garraio publikoaren zerbitzuak izugarri garatu dituzte, baina autoaren erabilpena ere mugatu dute, aparkaleku politika boluntario eta anbiziotsu batekin”.

Proiektuaren sektorea Urdazuriren gainezkatze eta uholde arriskuetaz, itsas gainezkatze arriskuaz eta lurpeko ur geruza igotzeko arriskuaz hunkitua delarik, Donibane Lohizuneko auzapezak eta bere Herriko Etxeko gehiengoak mugikortasun alternatiboen aitzinean oro autoz moldea lehenesten dute. «Jadanik trafikoa zaila duen herri batean hirigunean lurpeko aparkalekua gehitzeko erabakia historiaren kontra doa. Proiektu hori segituz, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeko gehiengoak oro autoz moldearen logikan jarraitzeko hautua egiten ari dela erakusten du. Argi da sektore honetan aparkalekua gehitzeak oraino gehiago auto erakarriko dituela bertara eta ez lukeela autoen erabilera murrizten lagunduko”, deitoratu du Romain Dussault Bizi elkarteko bozeramaileak!.

Gainera, denbora eskasten ari da: klimaren erronkari aurre egiteko lurraldearen zinezko metamorfosi ekologiko bati ekin behar zaio beranta bildu gabe. Hauteskunde aitzineko garai honetan, Iparraldean eta Estatu mailan, klima gobernantzari dagokionez, hautetsi gehienen ekintza ezaugarritzen duen inertzia ikusiz, Bizik Martxoaren 12an, 15:00etan, Baionan, klimaren eta justizia sozialaren aldeko martxa handi baterako deia egiten du.