Bizikutzu 60 – 2025ko iraila

“Arriskua ukapen kolektibotik ere dator.”
Valérie Masson-Delmote

Idazle bila dabil Bizikutzu, Bizi!-ren bi hilabetean behingo berripapera. Gure taldean sartu nahi baduzu gertaerak, ekintzak iruzkintzeko, talde desberdinak aurkezteko… gurekin harremanetan sar zaitez  helbide honen bitartez: info@bizimugi.eu

Editoriala

Berriz ere, ikasturte hasierak errekorrez beteriko uda utzi du agerian. Hego Europako sute erraldoiak, hormaguneen gibelkada, lurpeko uraren maila, lurraren kaltetzea… Datuak, grafikoak, proiekzioak lagun.  Ikertzaileek dokumentaturiko honenbeste ondorio, aldaketa klimatikoaren ondorio gero eta ikusgarriagoak erakusten dituztenak.

Agian informazio soberakin horrek –onartu behar dugu, kezkagarria dela– paradoxa harrigarrira garamatza: Estatu Batuetan zein Europan, klima-eszeptizismo mota bat zabaltzen ari da. Hoberenean, ekologiari buruz halako akidura; okerrenean, ekologiaren kontrako errabia, zeinean ekologia nahitaez zigortzailetzat hautematen den,  kontsumo zein aisialdi gizartearen zikiratzailetzat.

Klima larrialdiaz zein tokiko ekintzen garrantziaz konbentzitzea, gogoa galarazi gabe, hori da Biziren helburu nagusia. Bereziki herriko bozen atarian, Begirale Ekologikoen lanaren bidez.

Portreta
Xabi, 44 urte, Senpere/Milafranga

“Ez da dudatu behar nork bere sinesteak aitzina eramaterakoan, zailtasunak zailtasun.”

2011n  Biziko laguntzaile bilakatu nintzen. Lurraldean errotua baina gai globalagoetan engaiatua zen elkarte baten bila nenbilen. Horrek eraman ninduen Euskoaren sortzea bideratu zuen hausnarketan parte hartzera. Geroago Euskal Monetako langile bilakatu nintzen, eta 3 urtez koordinatzaile egon.

Esperientzia aberasgarria izan zen, Nazioarteko eta Tokiko Proiektu Koordinazioan Master bat balioztatzeko aukera eman zidana, Frantzian tokiko moneta osagarriei buruzko ikergaiarekin.
Gaur egun, Koordinaketako kidea naiz eta CADE edo Ingurumena Babesteko Elkarteen Kolektiboko bilkuretan parte hartzen dut. Bereziki AHTaren kontrako borrokan ari naiz. Izan ere, 2012an parte hartu nuen lehen ekintza AHTaren finantzaketan 64 Departamenduari kontrajarri zitzaion kanpaina izan zen…
Bizik potentzial handia du, bere kideen aniztasunari esker eta oinak lurrean dituen elkartea delako.

Profesionaltasun handia badu, baita giro atsegina ere. Zinez sinesten dut ez dela dudatu behar nork bere sinesteak aitzina eramaterakoan, zailtasunak zailtasun.  Bizirekin ari izateak lagun dezake erantzunak aurkitzen, atsegin handiak ekartzen, bide berriak irekitzen, eta batez ere topaketa ederrak egiten!

Kanpoko berri
Parte-hartzerik gabeko “demokrazia” 

Militante soiletarik gero eta gehiago urruntzen ari den “demokraziak” zilegitasuna galtzen du militante haien ahotsari elkor egonez, eta eskuin muturra indartzen.

Zorraren “lanjera” da ikasturte hasierako leitmotiv politikoa. Hura menperatzeko,  aitzinkontu murrizketa zorrotzak iragartzen dituzte, batez ere klase ertain eta herritar xumeenei eragingo dietenak.
Bitartean, diru-inbestimendu handiak ere iragartzen dituzte, haien erabilgarritasuna eta inpaktua arras zalantzan ezar daitezkeelarik.

Horrela gertatzen da A69 autobidearen amaigabeko istorioarekin, non konstituzioaren mugetan dabilen lege bat presaka bozkatu zen, epaile baten erabakia saihesteko. Gauza bera gertatzen da AHTarekin, Baiona, Irun eta Bordeleko hiru auzapezek eta haien elkargoek  irmoki buru egiten duten proiektuarekin. Eta, are kezkagarriagoa, Frantziako estatuak  hartu duen eta arrisku ekologiko eta finantzario  ikaragarriak dituen  energia nuklearraren aldeko hautua,  (ikus: “Nucléaire. Comment il va ruiner la France.”).
Paradoxa kontable horrez gain, gero eta argiago azaltzen da oinarrizko demokraziaren mespretxua (edo beldurra), hau da, “burujabe” den herriarena, baina gero eta gutiago hala dena. Hori gertatu da, adibidez, Klimaren aldeko Herritar Konbentzioarekin, haren lan bikaina mespretxatu zenean, edo berriz ere, erretreten erreformaren kontrako oposizioa ez zenean kontuan hartu.

Azken adibidea: jada aipatu dugun sinplifikazio legea, non elkargoetan Garapen Kontseiluak hautuzkoak bilakatzen diren, epe luzean haien desagertzea lagunduz. 
Herritarrak hautetsiekin batera tokiko hausnarketan parte hartzera bultzatzen dituzten organo horiek demokrazia parte-hartzailearen adibide onak dira, eta funtziona dezakete. Haien desagerpenak, aldiz, herritarren parte-hartzea oztopatuko luke.

Erabaki horiek guziek “demokrazia” hitzaren sinesgarritasuna bera ahultzen dute, eta eskuin muturraren besoetara bultzatzen dituzte demokrazia bera  zalantzan ezartzera heltzen direnak.

Bisita gidatua
Bizi!ko langileak

Egunerokoan, Biziko langileek elkartearen kasik profesional mailako funtzionamendua bermatzen dute. Eguneroko lana eta denbora osokoa.

Lilas Dinclaux, Elouan Trichard, Anthony Lubrano eta Jérémie Bude. Hauek dira Biziko lau langileen izenak. Lilas eta Elouan dira Biziren koordinatzaile bikotea, Anthonyk denbora osoa eskaintzen dio Hitza Hitz taldeari (klima-engaiamenduen jarraipena egiten duenari), eta Jérémiek, bere aldetik, denboraren zati bat elkartearen kudeaketa administratibo eta finantzarioari eskaintzen dio.

Egunero Manu Robles-Arangiz Fundazioko lokalean dira, eta astean behin biltzen dira EKT  (Eguneroko Kudeaketa Taldea) bilkuran. Misioa: lortzen dituzten eskaera eta galdera guziak aztertzea, baita lokalaren jarraipen egokia bermatzea ere, edo batzuen eta besteen absentzien edo oporren berri ematea.
Bizin langile izatea “aukera bikaina” dela dio Elouan Trichard-ek. Ondorio on bat azpimarratzen du: “Gure denboraren zatirik handiena militantziara eskain dezakegu, eta horri esker elkartean murgilduak gaude, jende guziak ezagutuz.”

Urtean lan karga handiagoko une berezirik ba ote da? “Nik uste dut urtean lan karga gailurra: irailaren 1etik uztailaren 31rako tartea dela!” dio Elouanek irriz, udako etenaldi on baten ondotik urte berria hasteko prest.

Egin dugu!
Otsoari buruzko mozioarentzat gure ekarpenak

Bizik hurbilak dituen mugimenduetako hainbat instantziatan parte hartzen du,  eta momento honetan otsoaren presentziari buruzko eztabaidan parte hartzen ari da, iritzi binario eta sinplistak bazter utziz.

Biziko laguntzaileek  hurbil ditugun erakundeen instantzietan gure elkartea ordezkatzea dute helburu. Izan dadin Aupa autopartekatze kooperatiba, Herrian Bizi plataforma ala Eusko tokiko moneta, Biziko ordezkariek egitura horiekin lotura egiten dute, bakoitzak ikuspegi orokorra izan dezan eta gai baten inguruko ikuspegi guziak kontuan har ditzaten lagunduz.

Euskal Herriko Laborantza Ganbaran (EHLG), Bizik beste erakunde batzuekin batera, otsoari buruzko mozioaren prestaketan parte hartzen du, eta mozio hori  irailaren 19an egingo den biltzar nagusian bozkatua izateko aurkeztua izanen da. Mozio honek honako galderari erantzun behar dio: zein jarrera hartu behar da laborantza herrikoia eta bioaniztasuna aldi berean babesteko? «Otsoaren presentzia agerikoa izaten hasten da eta artaldeen kontrako erasoak, gutiengoan izan arren, errepikatzen dira. Helburua da egoera aitzinetik ikustea eta otsoaren predazioa handitzen bada prest egotea», azaldu du Elise Ayrault-ek, Biziren ordezkariak EHLGn. Bere presentzia eta ekarpenaren bidez, Bizik eztabaida hotzagoa eta otsoaren “alde” edo “kontra” binarismotik kanpo ateratzen laguntzen du.

Egutegia

Irailaren 15a arte
Konpon Txokon Ikasleentzat braderia
Konpon Txokoren egoitzan,
Pontots karrikan, 15 – Baionan

Irailaren 15ean, astelehenarekin   19:00 – 21:00  
Jakazan/k Biziren Logistika taldearen bilkura
Patxokian
Tonneliers-en karrikako, 23bis-ean – Baionan


Irailaren 17an, asteazkenarekin 19:00 – 21:00
Euskaraz Bizi!n lantaldearen bilkura
Bizi!ren lokalean
Kordelierren karrikako, 22 – Baionan

Irailaren 20an, larunbatarekin
Konpon Txokoren Besta
Pontots karrikako, 15 – Baionan

Irailaren 23an, asteartearekin   19:00etan
Mahai-ingurua, 2020az geroztik Ipar Euskal Herriko Herriko Etxeek burutu ekintza ekologikoei buruzko kargualdiaren bilana
Glain elkarteen etxea – Baionan

Urriaren 1ean, asteazkenarekin   19:00 – 21:00
Biziren hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako, 20 – Baionan

Urriaren 6an, astelehenarekin   19:00 – 21:00
Publizitatea geldi Kolektiboaren bilkura
Bizi!ren lokalean
Kordelierren karrikako, 22 – Baionan

Urriaren 10 eta 11n, ostiral eta larunbatez
Auzolan – Etxebizitzarako eskubidearen egunaren 2. Edizioa
Patxa plazan eta ondoko karriketan – Baionan

Urriaren 13an, astelehenarekin   18:30 – 21:00
Begirale Ekologikoen hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako, 20 – Baionan

Urriaren 20an, astelehenarekin   19:00 – 21:00 
Jakazan/k Biziren Logistika taldearen bilkura
Patxokian
Tonneliers-en karrikako, 23bis-ean – Baionan

Urriaren 21ean, astelehenarekin   19:00 – 21:00
Euskaraz Bizi!n lantaldearen bilkura
Bizi!ren lokalean
Kordelierren karrikako, 22 – Baionan

Urriaren 27an, astelehenarekin   19:00 – 21:00
Publizitatea geldi Kolektiboaren bilkura
Bizi!ren lokalean
Kordelierren karrikako, 22 – Baionan

Azaroaren 5ean, asteazkenarekin   19:00 – 21:00
Biziren hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako, 20 – Baionan

Azaroaren 10ean, astelehenarekin   18:30 – 21:00
Begirale Ekologikoen hilabeteroko topaketa
Manu Robles-Arangiz Fundazioan
Kordelierren karrikako, 20 – Baionan